Parisko Louvre museoa azken prestaketak egiten ari da Arts de l'Islam bilduma erakusteko. 18.000 lan baino gehiago dituen gune bat zabalduko dute, Louvre museoak gordeta zeuzkan lan batzuekin eta Arts Decoratifs museoko beste hainbat obrarekin. Horietako batzuk, gainera, aurretik argitara atera gabeak izango dira. Museoak 4.600 metro koadro egokitu ditu bilduma erakusteko, eta, azken orduko gorabeherarik ezean, udan irekiko dute. Henri Loyrette museoko zuzendariak azaldu duenez, «guneak zibilizazio islamiarraren kultur esparruaren osotasuna hartuko du, Espainiatik Indiara, VII. mendetik XIX.era».
Aurretik ikusgai jarri zituzten orain bilduma iraunkor batean aurkeztuko dituzten lanetako batzuk. «Munduko onenen artean» kokatu du Loyrettek, hiru arrazoirengatik: obren aniztasun geografikoagatik, obren garai historikoagatik eta erabilitako material eta teknikengatik. Egokitutako gune horren bidez, museoak agerian utzi nahi du «islamaren zibilizazioek kulturari egin dioten ekarpena», baita «kulturen eta zibilizazioen artean elkarrizketa sortzeko egin duten ahalegina» ere. Horrekin batera, musulman herriaren «gizatasun askotarikoa eta aberatsa» goraipatu du Loyrettek.
Espazioa egokitzeko eraberritze lanak egin behar izan dituzte museoan. Visconti patioko lur azpia ustiatu dute, eta, horri esker, 12 eta 15 metro osagarri lortu dituzte altueran. Rudy Ricciotti arkitekto frantsesak eta Mario Bellini italiarrak lagundu dute lanetan, beste zenbaitekin batera. Egindako aldaketekin, «erakutsiko diren obren eta Visconti patioaren arkitektura neoklasizismoaren arteko oreka sotil eta poetikoa» bilatu nahi izan dute.
Eraberritze lanek 98,5 milioiko aurrekontua izan dute; hala ere, oraindik hamar milioi bildu gabe geratzen zaizkiela jakinarazi dute. Museoak 1,5 milioi euro jarri ditu obretarako, Frantziako Estatuak 31 milioi, eta gainerakoa hainbat enpresa, banako eta agintarik eman dute. Tartean daude Marokoko Mohamed VI.a erregea, Sabah al-Ahmed al-Sabah Kuwaiteko xekea eta Qabus bin Said Omango sultana.
«Aro berri bat»
«Duela hogei urte Ming Pei arkitektoak Louvreko piramidea eraiki zuenetik, hau da proiektu garrantzitsuena», Loyretteren arabera. Bilduma iraunkor horren bitartez, gainera, «aro berri bati» hasiera ematen zaio, museoaren arkitekturari eta garapenari dagokionez. Eraberritze lanak hasi aurretik, ordea, zalantza izan zuten bilduma Louvren erakustearen inguruan. 18.000 lan horiek batera aurkezteko museo bat egitea planteatu zuten, «bildumaren aberastasuna eta obren zailtasuna» kontuan hartuta.
Louvrek 18.000 lan erakutsiko ditu 'Arts de l'Islam'-en
Obra horietako batzuk aurretik argitara atera gabeak dira; gune hori udan zabaltzekoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu