Sari bikoitza jaso du Welcome to Chechnya lanak Donostiako Giza Eskubideen XVIII. Zinemaldian: Film Luze Onenaren Amnesty International saria ez ezik, Ikusleen saria ere eraman du David Francek zuzendutako filmak. Iñigo Aranburu aktoreak epaimahaiaren izenean azaldu du berdintasunaren aldeko borrokarekin bat egin eta LGTBI kolektiboaren bazterketaren aurka egin nahi izan dutela, eta «Txetxeniako Errepublikak orientazio sexualagatik erabilitako bortizkeria latza erakusteagatik» eman diotela saria filmari. Jazarritako pertsonen babes falta eta herrialdetik ihes egin beharra erakusteaz gain, giza eskubideen aldeko ekintzaileen lana ere agertzen du filmak, epaimahaiak azaldu duenez. Eta, hori guztia erakustearren, lana grabatzeko hartutako arriskua ere nabarmendu diote zinemagileari, baita kalitate teknikoari eustea lortu duela ere.
Emanaldi bakoitzaren amaieran filmei puntuazio bat emateko aukera dute jaialdiko ikusleek, eta hala egin dute aurten ere. Haien botoei esker, eta 9,43 puntu lortuta, Film Onenaren Ikusleen Saria ere eraman du Franceren lanak.
Bestetik, jaialdiko Gazte Epaimahaiak Nazioarteko Film Laburren Lehiaketaren Saria ere banatzen du urtero, eta, aurten, Julen Goudichaud zuzendari frantziarraren ConfineÌ;Â;ÂÂÂs dehors lana saritzea erabaki du —10etik 8,77ko puntuazioa eman diote filmari epaimahaia osatzen duten 50 kideek—. Filmaren «kalitate zinematografikoa eta giza eskubideen inguruan sentsibilizatzeko duen gaitasuna» nabarmendu ditu Maria Sarasolak, epaimahaiaren izenean. «Film labur honek COVID-19ak eragindako konfinamendua erakusten digu, kolektibo zehatz bezain askotariko baten ikuspegitik. Modu errealista eta gordinean azaltzen du bakartzeko lau horma ez dituzten pertsonek bizi izan zutena, gure etxeetan konfinatu behar izan genuenean, Parisko dimentsio ezezagun eta ilunetan jarriz arreta». Epaimahaiaren hitzetan, lehenagotik gizartean zeuden gabeziak agerian utzi ditu pandemiak, eta hura hasi aurretik ere «pertsona asko kalean bizitzera behartuta» zeudela ezin dela ahaztu ohartarazi du, bai «Parisen eta munduko hainbat txokotan, baita hemen, Donostian eta inguruko herrietan ere». Errealitate hori bistaratzeagatik saritu dute lana.
Joan den ostiralean hasi zen jaialdia, eta arratsaldean amaituko da, Viktoria Eugenia antzokian egingo duten sari banaketa ekitaldiarekin. Bertan jasoko dute jaialdiaren aitortza Montxo Armendariz zinemagileak eta Puy Oria ekoizleak ere.