Erretiratu? Goikoak deitzen nauenean baino ez dut hartuko nik erretiroa». Halaxe erantzun zion B.B. Kingek iaz kazetari bati, eta 85 urterekin mundu osoko agertokietan urtero dozenaka kontzertu eskaintzen jarraitzen du. Sasoiko dagoela erakutsi zuen atzo ere, milaka eta milaka entzuleren aurrean. Zurriolako hondartzan eskaini zuen kontzertuarekin luxuzko hasiera izan zuen Donostiako 46. Jazzaldiak.
Euriaren mehatxua zela eta, zeruari begira zeuden zale asko eta asko iluntzean. Euri laino handiek estaltzen zuten Agertoki Berdea, eta kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago zirimiria hasi zen. Toailetan eseritako jendeak aterkiak ireki zituen orduan, hondartza batean ezohikoa den irudia osatuz. Baina atertu egin zuen, eta B.B. Kingen musikariak igo ziren oholtzara, 21:30ak pasatxo zirela. Ordu erdi inguru eman zuten jotzen, eta 22:00etan agertu zen bluesaren erregea. Taldekideak aurkeztu zituen banan-banan, broma artean, publikoarekin jolastuz. Azkenean, Are you ready? galderak publikoaren aldetik erantzun aski ozena izan zuela iritzi zionean, bete-betean hasi zuen kontzertua.
Bere ibilbide osoan alboan izan duen laguna, Lucille gitarra, eskuetan zuela igo zen agertokira Mississippiko bluesmana. Ohi duen moduan, aulki batean eserita jo zuen emanaldi osoan, baina ez zen une batean ere geldirik egon, eserita ere gorputza astintzen badakiela erakutsiz. Bere ahots ozenaz eta hatzak gitarraren soken gainetik leun mugituz erakutsi zuen ez dituela inolaz ere betiko indarra eta abilezia galdu.
Europan zehar bluesaren maisua egiten ari den biran eskainitako doako emanaldi bakarra izan da Donostiakoa. Gauerdian Staff Benda Bilili talde kongoarra igo zen Agertoki Berdera.
Giro ona Kursaal atzealdean
Eguraldiak ez zituen herritarrak kikildu, eta jendetza bildu zen bai Zurriolako hondartzan bai haren inguruan kokatutako beste guneetan. Kursaal atzealdeko bi terrazetan izan zen zer entzun eta zer ikusi B.B. Kingen kontzertuaren aurretik, baita ondoren ere, Jazz Band Ballaren barruan. Jende ugari gerturatu zen jazzetik kanpoko proposamenak doan eskaintzen dituzten guneetara, Jazzaldiaren lehen egunean.
Tucson Jazz Institute Ellington Band aritu zen lehenik hondartza alboko agertokietako batean, eta Elephant 9 aldamenekoan. Haien ondotik, Aloe Blacc eta Eivind Aarset Sonix Codex Quartet aritu ziren. Gaurtik aurrera, jazz doinuekin beteko dute Donostia.
'Lucille'-ren doinuak, euri mehatxuen gainetik
Hasi da Donostiako 46. Jazzaldia, B. B. King gitarra jotzaileak Zurriolako hondartzan milaka lagunen aurrean eskainitako doako kontzertuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu