Luis Gardek (Iruñea, 1961) irabazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Xabier Lete poesia sariaren bigarren edizioa, Eremuen berkalifikatzea lanarekin. Joxerra Gartziak, Tere Irastorzak, Jose Angel Irigaraik eta Lourdes Otaegik osatutako epaimahaiak Garderen laneko poemetan "arnasa handiko ahots poetikoa" aurkitu du, "oreka bereziz elkartzen dituena gizarte kritika eta metapoetika". Hala, epaimahaiaren arabera, "liburuaren hausnarketa ildo nagusietako bat bihurtu du egungo krisi garaiari egokitzen zaion poesia moduaren bilaketa, apaindura hutsala izatetik aldenduta".
Xabier Lete sarira 23 lan aurkeztu dira guztira, eta epaimahaiak haietako hainbaten "kalitate aipagarria" azpimarratu du.
Luis Gardek bost liburu argitaratu ditu orain arte: Oihan nabarra (BBK-Euskaltzaindia, 2004), Haize hegoaren aroak (Pamiela, 2007), Gertakarien urtzea (Alberdania, 2008), Unplugged (Kutxa, 2009) eta Trenen abiadura (Pamiela, 2013).
Xabier Lete saria irabazi duen lana Pamiela argitaletxeak kaleratuko du.
Sariaren lehen edizioan 22 lan aurkeztu ziren, eta Karlos Linazasorok irabazi zuen, Ezer gehiago behar gabe izeneko poemategiarekin.