Literatura

Luis Sepulveda idazle txiletarra hil da

Otsail amaieratik erietxean zegoen, koronabirusak jota. Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea nobelari esker egin zen ezagun nazioartean.

Luis Sepulveda, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Ainhoa Sarasola.
2020ko apirilaren 16a
12:10
Entzun

Txileko Ovalle udalerrian, 1949. urtean jaio zen Luis Sepulveda idazle, kazetari, gidoilari eta zinemagilea, baina 1997tik Gijonen (Asturias, Espainia) bizi zen. Joan den otsailean, Correntes dEscritas literatur jaialdian parte hartu zuen Povoa de Varzimen, Portugalen, eta handik bueltan koronabirusaz kutsatu zela diagnostikatu, eta Oviedoko (Asturias, Espainia) erietxe batean ingresatu zuten. Bertan hil da, haren ingurukoek jakitera eman dutenez.

Santiagon hazi zen Sepulveda. Jatetxe baten jabea eta alderdi komunistako kidea zuen aita; ama, berriz, maputxe jatorriko erizaina. Institutuaren ondotik, Txileko Unibertsitateko Antzerki Eskolan egin zituen ikasketak, eta zuzendari titulua lortu zuen. Ordurako, ezkerreko mugimenduetan militatzen hasia zen.

Bere lehen liburua 17 urterekin plazaratu zuen, zeinetan hainbat poema bildu zituen. Bera aitaren jatetxera joan ohi zen kazetari baten bidez, Clarín egunkarian lana lortu zuen. Narrazioak idatziz jarraitu zuen aurrera bere ibilbide literarioan, eta handik urte gutxira iritsi zen haren lehen ipuin bilduma: Crónicas de Pedro Nadie (1969). 1973an, Augusto Pinocheten estatu kolpearen ondotik, atxilotu egin zuten, eta 1977an erbestera jo behar izan zuen. Argentina, Uruguai, Brasil, Paraguai, Bolivia, Peru eta Ekuadorren zehar ibili ostean, Nikaraguara jo zuen 1979an, iraultza sandinistan parte hartzeko. 1980ko urteetan, Alemaniara joan zen, eta hamalau urtez bizi izan zen han. Mugimendu ekologistan murgildu zen urte haietan, eta Greenpeaceko berriemaile aritu zen bost urtez, batetik bestera bidaiatuz.

1989an lortu zuen nazioarteko aitortza idazle gisa, Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea nobelari esker. Latinoamerikan zehar egindako ibilaldian ezagutu zuen shuar herri indigenan oinarritu zen hura idazteko. Bidaiari amorratua izan zen, eta tokian tokiko herri eta kulturak ezagutu zalea. Herri indigenen aurkako eskubide urraketak maiz salatu zituen, maputxe herriarena tartean —Historia de un perro llamado Leal lana eskaini zion 2016an—. Lan haren ondotik beste asko etorriko ziren; orotara, hogeitik gora nobela, ipuin bilduma eta bidaia liburu ondu zituen bere ibilbidean, baita artikulu ugari ere, eta hainbatetan saritu zuten bere lanengatik.

Haren obrak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte, eta euskaraz ere haren bi liburu daude irakurgai, biak Txalapartak argitaratuak: Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea (1997, Ana Santos Elortzak euskaratua) eta Patagonia Express (1998, Ima Garbizuk itzulia).

Zinemarako ere moldatu dituzte haren hainbat lan; tartean, osperik handiena ekarri zion eleberria, Rolf de Herren zuzendaritzapean, eta Historia de una gaviota y del gato que le enseñó a volar, Enzo D’Aloren eskutik. Sepulvedak berak ere jardun zuen zinemagintzan: Nowhere (2002) filmaren zuzendaria eta gidoilaria izan zen, baita Corazón verde laburraren egilea ere, besteak beste.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.