Zinema

'Lur eta Amets' animaziozko filma otsailaren 7an estreinatuko dute

Abenturaz abentura, Euskal Herriaren historian barrena bidaiatzen dute pertsonaiek, haur eta gaztetxoei aurkezteko hamaika garai esanguratsu. Lotura Films ekoiztetxeak ondu du lana, eta Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu. Hainbat eragilek elkarlanean sustatu dute proiektua.

Ainhoa Sarasola.
2020ko urtarrilaren 31
18:57
Entzun

2015ean abiatu zuten beren bidaia Lur eta Amets bikiek. Urte hartan jarri zuten martxan Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia egitasmoa Elkarrek, Ikastolen Elkarteak eta Katxiporretak. Ezagutza liburu bat, hainbat ipuin, mahai joko bat eta webgune bat sortu zituzten orduan, Lur eta Amets pertsonaiak protagonista zituztenak guztiak ere. Haur eta gaztetxoei Euskal Herriko historiako hamaika pasarte esanguratsu modu jostalari batean aurkezteko xedez jaio zen proiektua, eta, bide beretik, beste urrats bat egin du orain: film bihurtu dituzte bi protagonisten abenturak, Lotura Films ekoiztetxearen eskutik. Otsailaren 7tik aurrera izango da ikusgai zinema aretoetan Lur eta Amets animaziozko filma.

«Euskal Herrian euskaratik eta euskaraz egindako animazioaren aldeko apustua da hau, eta gure herriaren historiarekin lotu dugu hori, abentura film bat eginez eta pertsonaiak Euskal Herriko hainbat eremutan eta historiako hainbat garaitan kokatuz», azaldu du Miren Berasategik, Lotura Filmseko ordezkari eta filmaren ekoizpen arduradunak. Gaineratu duenez, «abenturekin gozatzeaz gain», haur eta gaztetxoengan Euskal Herriko historiaren inguruan «interesa piztea» izan dute helburu. 2017an ekin zioten filma ekoizteari, eta bi urte pasatxo behar izan zituzten lana burutzeko.

Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute filma, eta 60 lagun inguruko taldeak jardun du lanean berau garatzen. Bere garaian plazaratutako ipuinetako istorioak izan dituzte abiapuntu kontakizuna sortzeko —Uxue Alberdik idatzi zituen ipuin guztiak, bat izan ezik, Unai Elorriagak ondu zuena; eta Patxi Pelaezek ilustratu zituen—. Istorio haiei forma emateaz gain, beste zenbait abentura gehitu zizkieten Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala gidoilariek. Eta, hala, Lur eta Amets pertsonaiek bidaia bat egingo dute historiaurretik joan den mendeko 80ko urteetaraino, haien amona Andere eta Baltaxar katua lagun dituztela. Hain zuzen, amonaren baserrira asteburua pasatzera doaz Lur eta Amets, eta bertan «gauza magikoak» gertatzen direla azaldu du Olasagastik; historia abentura bihurtzea, esaterako. Abentura hori kontatzen du pelikulak, «garai batetik bestera salto eginez», Olasagastiren hitzetan. «Lur eta Amets beti dira protagonista istorioetan, beti daude herri honen hainbat garaitako une garrantzitsu horietan; beharbada ez erdigunean, baina bai ondoan, badakigulako historia ez dela bakarrik erdigunean idazten».

Zinkunegik azaldu du marrazkilari eta animatzaile multzo handi batek jardun duela proiektuan lanean; tartean, Jose Angel Lopetegik, Iñaki Holgadok, Patxi Pelaezek eta Aitor Etxebestek. Poncek adierazi du «euskararen aldeko ekarpen txiki bat» egin nahi izan dutela pelikularekin; eta filmak euskara batua duela oinarri, baina hainbat euskalkirekin aberastu nahi izan dutela, Lur eta Ametsen abenturak gertatzen diren Euskal Herriko eremu geografiko ezberdinetakoak. Pertsonaia guztiei hainbat lagunen artean jarri diete ahotsa. Istorioari musika, berriz, Joserra Senperenak jarri dio.

Bi aurrestreinaldi egingo dituzte: igandean, Donostiako Principe zinema aretoan; otsailaren 6an, Bilbon, ETBren Multibox aretoan. Euskal Herri osoko zinema aretoetara, berriz, laster iritsiko da: otsailaren 7an Hego Euskal Herrikoetara, eta 12an Ipar Euskal Herrikoetara. Atera Films eta Gastibeltza Filmak etxeak arduratu dira filma Euskal Herrian banatzeaz.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.