Oscar Escribano Lurmen enpresako geologoak hitzarmena egin du akusazioekin: aitortu du ondarea hondatu duela, eta urtebeteko kartzela zigorra jaso du; gainera, 300 euro ordaindu beharko dizkio Eusko Jaurlaritzari gizarte erantzukizunagatik, eta 300 euro aldundiari. Ez du espetxera joan beharko. Akusazio partikularrak, hau da, Arabako Foru Aldundiak hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatzen zuen harentzat, eta fiskalak, hiru urtekoa. Horrez gain, 286.000 euroko kalte-ordaina eskatzen zioten, Eliseo Gilekin pagatzeko.
Escribanok aitortua du lehenago ere indusketan egindako «broma» bat. Alberto Barandiaran kazetariaren Veleia afera liburuan kontatzen denez, geologoak Veleia idatzi zuen ostraka batean 2005ean, eta beste arkeologoek topatzeko moduan utzi zuen pieza gero, aztarnategian. Aurkikuntzak ilusioa piztu zuen, eta albiste hura nola jakinarazi eztabaidatzen hasi zirenean aitortu zuen Escribanok bere eskuz egina zela. Indusketako buruek iritzia eskatu zieten beste arkeologoei, eta esan zieten ez lukeela bere postuan jarraitu behar. Bere postuan mantendu zuen Lurmen enpresak.
Gilek epaiketan esan duenez, 2005ean ezohiko piezak agertzean kutxa gotor batean hasi ziren gordetzen batzuk, eta itxita edukitzen zituzten. Aztarnategiko giltzak lantaldeak zituen. Lekuan bertan kokatu zituzten pieza ezohikoen %17 inguru. Gilek esan du giroa gaiztotu egin zela Escribanok «txantxa» egin zuenetik Veleia inskripzioarekin pieza bat faltsutuz. Pieza berezi bat agertu ostean, arkeologoak bildu zituen, beste faltsutzerik ba ote zegoen galdetzeko. Horrek areago gaiztotu zuen giroa taldean.
Gilen eta Cerdanen defentsek argudiatu dute delituak preskribatuta daudela, eta ezetz esan dute fiskalak eta Arabako Aldundiak. Epaileak sententziarekin ebatziko duela esan du. Eta berdin kustodia katearen etenarekin ere.
Piezen egiazkotasunaren aldeko txosten sorta bat onartu dute froga dokumental modura, eta kontratxosten batzuk ere onartu dituzte piezen faltsutasunaren aldeko txostenentzat, besteak beste. Epaileak ez du adituen aurrez aurrekorik onartu.
Grafologian egongo da koska epaiketan. Hori da Gil zuzenen akusatzen duten txostenetako bat. Hari kontra egiteko, azterketa bat aurkeztu du Gilen defentsak. Gilek ikerketarako propio eskuz egindako inskripzio batzuk ikertu dituzte txosten horretan, errugabea dela erakusteko asmoz.
Euskararen historiari eta Antzinaroari buruzko ikuspegia eraldatzekoak ziren ezohiko aurkikuntzak ezagutarazi zituztenetik hamalau urtera, Arabako Foru Aldundiak epaitegian faltsutze salaketa formalizatu zuenetik 11 urtera, eta bederatzi urteko instrukzio fasearen ostean hasi da Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruzko epaiketa. Gasteizko lehen zigor salan egingo dituzte auzi saioak, hamar egunez.
Eliseo Gil Lurmen enpresako buru eta aztarnategiko arduradun izandakoa da akusatu nagusia, eta bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du harentzat fiskaltzak, ondarea hondatu eta iruzurra egin zuelakoan. Oscar Escribano geologoak bi urte eta erdiko kartzela eskariari egin beharko dio aurre ondarea hondatzeagatik, eta, ustez hondatutako 475 piezetako bakoitzeko 600 euroko ordaina kalkulatuta, 280.000 eurotik gorako ordaina ere galdegiten diete biei. Arabako Foru Aldundia da kausako akusazio partikularra, eta are zigor handiagoak eskatzen ditu Gilentzat eta Escribanorentzat: zazpi urte eta erdiko espetxealdia, zehazki, indusketen buru izandakoarentzat, eta hiru urte eta bederatzi hilabetekoa geologoarentzat. Ruben Cerdan da kasuko beste akusatua, hirugarrena: egin ez zituen proba zientifiko batzuen truke dirua jasotzea egozten diote hari.
Epaiketaren atarian, Gilek adierazi du «errugabea» dela defendituko duela epaiketan, eta horretarako «gogoz» dagoela.
Piezak benetakoak direla dio Gilek, eta hainbat sostengu talderen eta hogei ikertzaileren azterketen babesa du horretarako. Besteak beste, Edward Harris arkeologo entzutetsuak sostengu esplizitua azaldu dio haren lanari. Epaiketako akusazioa osatzen duten fiskalarentzat eta Arabako Foru Aldundiarentzat, ordea, piezen faltsutasuna ez da hipotesi bat, epaiketaren abiapuntua baizik. Horregatik hori baino zehatzagoa izango da euren helburua epaiketan: faltsutzeak Gilek eta Escribanok egin zituztela frogatu beharko dute. Hau da, zehazki haiek izan zirela, euren eskuz, aztarnategian topatutako III., IV. eta V. mendeko piezak ezkutuan hartu eta inskribatu zituztenak. Ezuste handirik izan ezean, ordea, zail izango da azken ebazpenean epailea ondorio argi horretaraino eramatea; orain arte, inskripzioetan Gilen eskua egon daitekeela dioen ikerketa grafologikoa baita aurkeztu den egiletzaren aldeko frogarik sendoena, eta azterketa horren ondorioek ere ez baitute ziurtasunik ematen, polizia txosten batek ezinezkotzat daukalako piezen azterketa grafologikoa egitea, besteak beste.
Absoluzio eskaria
Gilen eta Escribanoren defentsek absoluzioa eskatuko dute. Eta piezak benetakoak direla edo, behintzat, benetakoak izan daitezkeela erakustea izan daiteke hori lortzeko bideetako bat. Zeren eta, piezak benetakoak baldin badira, ezin baita faltsutzailerik egon.
Malda gora izango dute lan hori, ordea. Eremu horri izkin egin baitio epaitegiak auziaren nondik norakoak ezartzerakoan. Atzera bota dituzte, adibidez, defentsak proba zientifiko gehiago egiteko eskari guztiak. Baztertu egin dute auzitegira benetakotasunaren eta faltsutasunaren aldeko adituak deitzeko aukera. Eta, bestalde, ez dute deklaratzera deitu Gilen aurkako lehen salaketa abiatu zuena, Lorena Lopez de Lacalle Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatu ohia, nahiz eta bi aldeek eskatua zuten.
Faltsutzeak egon diren beste aztarnategi batzuekin alderatuta, bereziki handiak dira Iruña-Veleiako kasuko eskariak. Ignacio Rodriguez arkeologoak, esaterako, «neurriz kanpokoa» iritzi zion fiskaltzak eta aldundiak 600 euro eskatzeari ustez hondatutako pieza bakoitzaren truke. Faltsutzeak izan dituzten arkeologia aztarnategiei buruzko hainbat artikulu badauzka idatzita, eta, bide penaletik jo beharrean, bide administratibotik jotzeko aukera hobesten zuen kasu honetan, El Salto aldizkariak gaiari buruz egindako monografikoan.
Gilek beti defendatu du Lurmen enpresak egindako lana eta aurkikuntzen benetakotasuna. Baina kontuan harturik mahai gainean dauden zigor eskariak handiak direla, eta jakinik epaileak erruduntzat joko balitu akusatuek espetxera joan beharko dutela eta lan egiten jarraitzeko aukera etengo zaiela, ez da baztertzekoa bi aldeen arteko akordio bidez ixtea epaiketa. Hartara, Arabako Foru Aldundiak eta fiskaltzak errudunak seinalatu eta itxitzat eman ahalko lukete gaia, eta, trukean, espetxe arriskuaz libratuko lirateke akusatuak.
Juan Martin Elexpuru filologo eta SOS Iruña-Veleia elkarteko kideak urteak daramatza piezei proba gehiago egiteko eskatzen, Iruña-Veleia Argitu taldekoekin batera. Zehatz ezagutzen du kasuaren nondik norakoa, eta, aste honetan bertan berretsi duenez, piezak faltsuak zirela esateko 2015ean Ertzaintzak egindako ikerketan ere Elexpuruk ez du topatu Gil eta Escribano erruduntzat jotzeko zantzurik.
Txostenen zalantzak
Bana-banako errepasoa eman die filologoak orain arte ezagutarazi diren eta bidean geratu diren ikerketei, 2018an kaleratutako ¿Qué está pasando con Iruña-Veleia? liburuan. 2014. urtean ezagutu zen Espainiako Kultur Ondarearen Institutuak piezak faltsutzat jotzen zituen ikerketa, eta hura izan da zeresanik handiena eman duten azterketetako bat. Piezetako inskripzioen marketan metal modernoen arrastoak zeudela ondorioztatu zuten txostenean, eta hori izan zen lerroburu nagusia hedabideetan ere. Baina Elexpuruk liburuan bildu duenez, Lurmenen ustez, eta aurkikuntzen benetakotasunaren aldeko taldeen arabera, ikerketa egiteko erabilitako metodoak ez ziren egokiak izan, eta, ondorioz, datu horrek ere ez du ezer esan nahi. Diotenez, garbiketagunean erabilitako metalezko lanbasek utzitako arrastoak izan daitezke metal horiek, edo piezekin kontaktuan izan diren ikertzaileen tresnena, bestela. Liburuan zehazten denez, nahikoa baita aurkikuntzekin kontaktuan izan direnek hatzean urrezko eraztun bat eramatea, ikerketak haren partikulak aurkitu ahal izateko.
Beste bi ikerketa ere baditu epaitegiak eskuan, Elexpuruk liburuan gogorarazi duenez. Erradiazio ultramoreak baliatuz egindako argazki digitalak ditu oinarri haietako batek, eta, hizkera zientifiko nahasi xamarrean idatzita dagoen arren, filologoaren arabera, ez du ondorioztatzen piezak faltsuak direnik. Eta bada beste ikerketa bat ere: Madrilgo Kultur Ondareen Zaharberritze eta Kontserbaziorako Goi Mailako Eskolak egindakoa. Proba gehiago egiteko beharra azpimarratu dute txostenean, kasu horretan.
Perituek epaiketaren azken egunetan azalduko dituzte euren txostenak, ordea. Akusatuen hitzaldiekin hasiko da bihar auzia. Lekukoen txanda helduko da gero 4an, 5ean, 6an, 7an, 10ean, 11n eta 12an, eta otsailaren 13an eta 17an izango dira perituak. Otsailaren 18an irakurriko dituzte parte guztiek euren ondorioak.
Pentsatzekoa denez, arkeologoen lekukotzak ere jasoko ditu auzitegiak, eta interesgarria izango da saio hori; hain zuzen ere, hortxe dago kasuko korapiloetako bat. Barandiaranen Veleia afera liburuak kontatzen du gertatutakoa. Jose Angel Apellaniz, Carlos Crespo eta Miguel Angel Berjon arkeologoen lekukotzaren arabera, ezohikoa izan baitzen ezohiko piezak aurkitzeko modua ere. Aztarnategian indusketak egiten aritu ziren hirurak sasoi hartan: lurra aztertu, piezak topatu, eta begiratu egiten zituzten, baina ez zuten sekula ikusi inolako idatziren arrastorik. Garbiketagunera heldu, ordea, eta han azaltzen ziren esaldi, irudi eta hitzak. Errezeloak piztu zizkien horrek, ehunka zirelako inskribatutako piezak, eta utzi egin zuten enpresa. Eta arkeologoen lekukotza horiek dira akusazioaren puntu garrantzitsuetako bat.
Lurmeneko arduradunek beti argudiatu dute arkeologoek diotena ez dela egia, eta badirela piezak lurretik idazkiekin ateratzen ikusi zituzten langileak.
Cerdanen kasua
Aparte aztertzekoa da Ruben Cerdanen kasua. Aldundiak 12.500 euro eman zizkion Iruña-Veleian aurkitutako 66 pieza ikertzeko, eta, ustez, besteak beste Frantziako Saclay herriko Centre National de la Recherche Scientifique laborategira eraman zituen probak egitera. Cerdanen arabera, inskripzioak benetakoak zirela frogatzen zuten egindako azterketek. Lurmen enpresak aurkikuntzen egiazkotasuna defendatzeko baliatu zituen ikerketa horiek hasieran, baina zalantzak piztu ziren berehala. Kontaktuan jarri ziren, bada, Cerdanen hitzetan piezak aztertu zituzten laborategiekin, eta han ez zuten haren inolako berririk. Cerdanek ere orain arte ezin izan du frogatu piezak benetan aztertzera bidali zituenik. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du harentzat Arabako Foru Aldundiak, eta bi urte eta erdikoa, berriz, fiskaltzak. Iruzur egitea egozten diote. 12.490 euro ere eskatzen dizkiote, Gilekin batera ordaindu beharko lituzkeenak, akusazioaren arabera, hark ere bere partea jaso baitzuen.
Gilek etsipena azaldu izan du Cerdanekin fidatzeagatik, baina, arkeologoak kontatua duenez, hasieran aldundiak proposatu zion Cerdanengana jotzea. Zehaztu duenez, gainera, aldundiaren diru guztia Cerdanek jaso zuen.
Dena dela, hiru akusatuak elkar harturik deskribatzen dituzte bi akusazioek. Fiskaltza eta aldundia frogatzen saiatuko baitira Gilek eta Escribanok egin zituztela faltsutzeak, horregatik agertu zirela garbiketa prozesuan, eta «manipulatutako piezei ustezko fidagarritasun zientifikoa emate aldera» jo zutela Cerdanengana. Ikusi egin behar, ordea, mahai gainean dauden piezekin, epaileak tesi hori edo haren parte bat frogatutzat eman ahal izango duen, edo ezinezkotzat joko duen faltsutzaileak haiek izan zirela ebaztea.
Gaur hasi da Iruña-Veleiaren aurkako epaiketa, beraz; sorpresarik ezean, ez dirudi aferaren amaiera ekarriko duenik.