Lurmenen kontrako kereila kentzeko eskatu dio SOS Veleiak Aldundiari

Kultura diputatuaren aldaketarekin batera bestelako jarrera eskatu dute, baita grafitoen azterketa berriak ere

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Iruña-Veleiako aztarnategia kudeatzen zuen Lurmen enpresako hiru kideen aurka jarritako kereila kentzeko eskatu dio SOS Iruña-Veleia plataformak Arabako Aldundiari. Aldundiko Kultura, Euskara eta Kirol Sailean aldaketa gertatzen ari den une honetan horrek Arabako aztarnategiaren auzia «konponbidean» jarriko lukeela azaldu du Maritxu Goikoetxea plataformako presidenteak.

Aldundiak jarritako kereila indarrean dagoen bakarra dela gogorarazi du plataformak. Instrukzio fasean dagoen kereila kentzeko, eta, horren ostean, auzitan jarritako grafitoen gaineko azterketak egiteko agindu dezala eskatu diote Aldundiari. Analisi horiek Europako arkeometrian espezializatutako laborategi batean egiteko proposatu dute, eta grafitoak faltsuak izanez gero kereilarekin aurrera jarraitzeko aukera egongo litzatekeela gaineratu du Goikoetxeak.

Zerrendaren berririk ez

Oraindik indarrean dagoen kereila Gasteizko Instrukzioko 1. Epaitegian dago, eta bertako epaileak auzitan jarritako grafitoen zerrenda eskatu zion Arabako Aldundiari Guardia Zibileko Kimika Saileko teknikariek azter zitzaten. Eliseo Gil Lurmen enpresako zuzendariak berak egin zuen eskaria, piezak egiazkoak edo faltsuak ziren zehazte aldera. Ordea, Aldundiak zerrenda horren berri ez duela eman uste dute SOS Veleiako kideek. «Egin beharreko'etxeko lanak' egin dituela jakinarazi zuen Aldundiak Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, baina oraindik ere defentsako abokatuek ez dute horren berririk».

Azkenik, Lurmeneko kideak «sozialki eta mediatikoki» kondenatuta daudela gaineratu dute, epaitegietan horrelakorik gertatu ez den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.