Amerikako Estatu Batuetan herri kantuaren esparruan azken hamabost urteotan sortutako musikari emankorrenetako bat izan behar du Matthew Stephen Wardek —izen artistikoa M. Ward du—. Emankorrenetako bat, eta pertsonalenetako bat, nahiz eta disko guztietan erreferentzia zaharrak izan dituen langai: 50eko eta 60ko rock-and-rolla, bluesa, folka, countrya... Bere izenpean kaleratu dituen zazpi diskoez gain, She & Him bikotea osatu du Zooey Deschanel aktorearekin, eta Monsters of Folk megabandaren parte da, Jim James (My Morning Jacket), Conor Oberst, Mike Mogis (Bright Eyes) eta Will Johnsonekin (Centro-matic). Azken hiru urteak proiektu horiei emanda igaro ondoren, Wardek gaur Hold Time laudatuaren (2009) jarraipena kaleratuko du: A Wasteland Companion, Kaliforniako musikariaren inspirazioaren berri ematen duen beste disko bat.
«She & Him-en, Monsters of Folken eta nire kantu propioek arau bertsuei segitzen diete. Kantu bilduma bat dagoenean, grabatu egin behar ditut. Niretzat ez du zentzurik estudiora joatea grabatzeko materiala ez badago», azaldu du musikariak A Wasteland Companion orain kaleratzeaz galdetzen diotenean.
Bakarka atera zuen lehen diskoa Duet for Guitars # 2 izan zen (1999)—aurretik Rodriguez taldean aritu zen—, eta geroztik, apurka-apurka joan da osatzen bere musika nortasuna Ward, eta hasiera batean John Fahey gitarristarekiko eta Howe Gelben doinu idorrekiko miresmen saihetsezina bazuen ere, denborarekin bere musikaren soinu paleta asko zabaldu da, eta azkeneko diskoan gitarra distortsionatuz eta erritmo geldiezinez jantziriko kantuak (Me and My Shadow), power-pop perlak (Primitive Girl), 60ko neska taldeak gogorarazten dituzten bertsioak —Sweetheart, Daniel Johnstonena— eta oso giro iradokitzaileko pasarteak (The First Time I Ran Away, A Wasteland Companion) uztartu ditu, homogeneotasunari kalterik egin gabe. Wardek abestien arteko loturari garrantzia ematen dio, baina kantu bakoitzaren diskurtsoa ahaztu gabe. «Eta, horretaz gain, aurretik idatzitakoa ez errepikatzen saiatzen naiz».
Ez dio uko egiten iraganari, ez aurretik beste batzuek landu dituzten moldeak berreskuratzean, ez bertsioak egiteko orduan. Johnstonen bertsioaz gain —aurretik beste bi ditu grabatuak—, lan berrian Louis Armstrongek AEBetan ezagun egin zuen Adiós, muchachos tangoaren moldaketa (I Get Ideas) jaso du rock-and-roll moldeekin. Azken birako kontzertuetan hasi zen zuzenean jotzen, eta entzuleen harrera ona ikusita, grabatu egin du.
A Wasteland Companion «bidaia luze» gisa definitu du Wardek. Zortzi estudiotan aritu da musikari estatubatuarra, errepidean grabatua izan den seinale. Era berean, hogei kolaboratzatzaile inguru izan ditu, horietako asko aurretik ere berarekin lan egin dutenak: Zooey Deschanel, Howe Gelb, Mike Mogis, Steve Shelley (Sonic Youth)... «Lanbide honen gauzarik ederrenetakoatalentu handiko jendearekin lanegiteko aukera ematen didala da».
Bitan izan da M. Ward Euskal Herrian. Orain dela bost urte, Norah Jonesen aurretik jo zuen Gasteizko Jazzaldian, jazz-blues leunaren izarra bere unerik arrakastatsuenean zegoenean. Joan den urtean, berriz, Howe Gelb lagunarekin aritu zen Bilbon. Orain ekingo dio berriro zuzenean jotzeari, eta ekainetik aurrera Europan ariko bada ere, oraindik ez du iragarri gure artean izango den ala ez.
M. Ward, konpainia onean
AEBetako musikariak disko berria kaleratu du, hainbat lagunekin grabatua: 'A Wasteland Companion'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu