Arkeologia

Madeleine aldiko bi pieza eta labar artea aurkitu dituzte Mendaron

Agarreko haitzuloan egin dute aurkikuntza arkeologikoa. Zintzilikario bat eta lantza baten buruko pieza dira topatutakoak, duela 14.000 urte ingurukoak.

itziar ugarte irizar
2018ko uztailaren 25a
07:50
Entzun

Gaiak finkatu du garaia: aurrez aurre dagoen basahuntz bat ageri du zizelkatuta Agarren aurkitutako zintzilikarioak, eta horrek argitu die arkeologoei piezaren antzinatasuna. Madeleine aldikoa da, duela 14.000-10.000 urte artekoa. Eta garai bertsukoa da bigarren aurkikuntza ere, oinaldean grabatuak dituen lantza baten gaineko pieza. Haitzuloaren horma batean margo bat ere atzeman dute, gutxienean duela 22.000 urtekoa behar duena. Gaur goizean eman dute horien berri Denis Itxaso Gipuzkoako kultura diputatuak, Alvaro Arrizabalaga eta Blanca Otxoa arkeologoek eta Andrex Maiz Antxieta taldeko kideak, Donostian.

Aspalditik ezagutzen den aztarnategi arkeologikoa da Agarrekoa, Mendaron (Gipuzkoa). 1966an aurkitu zuten, eta orduan egin ziren lehen indusketak. Han aurkitutako piezak hasieran uste zena baino zaharragoak izan zitezkeela iradoki zuen, bi hamarraldiren ostean, Joxean Mujika historiaurreko adituak, eta hori da gaur aurkeztutako aurkikuntzek baieztatu dutena.

Horman aurkitutako margoari dagokionean, Agarreko labar artearen lehen zantzuak direla aipatu du Otxoak, eta gehiago agertu daitezkeela. "Oraingoz topatu duguna adierazpen figuratibo bati dagokio, animalia bati ziurrenik", azaldu du. Arkeologoaren arabera, pigmentu gorria eta ura nahastu, eta hatzarekin puntuka egindako irudia da. Inguruko beste bi haitzulotan agertu izan da teknika bera: Zestoako (Gipuzkoa) Danbolinzulon orein bat dago hala egina, eta zaldi baten burua Mañariako (Bizkaia) Askondo koban.

2006ra arte labar artea Altxerrin (Aia, Gipuzkoa) eta Ekainen (Zestoa) soilik ezagutzen zela ekarri du gogora Arrizabalagak. Baina azken urteetan aurkikuntzak ugaritu dira inguru horretan —Praileaitz (Deba), Erlaitz (Zestoa), Astigarraga (Zestoa) Astuigaña (Zestoa)...—, eta "interpretaziorako korridore bat" markatu dutela aipatu du arkeologoak: "Batzuk jada historiaurreko autobidea deitu dutena sendotzen doa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.