Madrilen ostutako 28 eskulturak berreskuratu dituzte

Txatar biltzaile bati 33 euroan saldutako Eduardo Txillidaren eskultura bat izan du aztarna nagusi Poliziak

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Joan den hilaren 27an Getafeko (Madril, Espainia) industrialde batean lapurtutako artelan guztiak berreskuratu dituela jakinarazi du Espainiako Poliziak. Artelanak, 28 orotara, Eduardo Txillida, Esther Ferrer, Pablo Picasso, Antonio Saura, Antoni Tapies eta Fernando Boterorenak dira, besteak beste, eta merkatuan bost milioi euro inguruko balioa dutela kalkulatzen da. Piezarik garestiena Txillidaren Topos IV altzairuzko eskultura da, 800.000 euroan aseguratua.

Lapurrek txatar biltzaile bati 33 euroren truke saldu zioten pieza bat atzeman zuten lehenbizi, joan den larunbatean, eta hari horretatik tiraka atzeman dituzte gero gainerako artelanak, Poliziako iturriek adierazi dutenez. Oraindik ez dute lapurretaren egilerik atxilotu, baina haien jokabideak lapurreta enkarguz egina izan zelako hipotesia baztertzera eraman du Polizia. Orain uste dute lapurrak ez zirela benetan jabetu lapurtutakoak merkatuan izan zezakeen balioaz. Kolonian (Alemania) egindako erakusketa batetik Madrilgo eta Bartzelonako sei arte galeriatara eraman behar zituen kamioitik ostu zituzten artelanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.