Magnus Von Horn poloniarraren 'Bez Sniegu'-k jaso du sari nagusia Zinebin

Epaimahaia arduratuta azaldu da emakume errealizadore faltaz, baita fikzioko lanen identitate faltaz ere

Zinebi jaialdiaren aurtengo ekitaldiko epaimahaia. Ezkerretik eskuinera: Xavier Arakistain, Elena Trape, Betzy Bromberg, Mohanad Jakubi y Pepita Ferrari. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Zinebi zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko nazioarteko 53. jaialdiko sari nagusia Bez Sniegu (Elurrik gabe) Poloniako filmari ematea erabaki du epaimahaiak. Magnus Von Hornen gidoia du filmak, eta zuzendaria ere bera da. Gaia nerabeen arteko maitasuna da, eta amaiera tragikoa du. Mohanad Jakubi epaimahaikideak «oso pelikula ona» dela nabarmendu du. «Kapitalismoak sortutako arazo potoloak ezin hobeto azaltzen ditu, era sinesgarrian».

Hona hemen gainontzeko saridunen zerrenda: Zilarrezko Karabela, Venezuelako Gabriel Lacruzen Soja; Zilarrezko Mikeldi saria, fikzioko lanen atalean, Hego Koreako Tae-Gyum Sonen Ya-gan-bi-hang; fikzioko urrezkoa, Alemaniako Claudia Heindelen Lucky seven; animaziozko zilarrezkoa Kanadako Koji Yakamuraren Muybridge's Strings; animaziozko urrezkoa, Erresuma Batuko Afarin Eghbalen Abuelas;Zilarrezko Mikeldia, dokumentalen atalean, Errusiako Tomas Sheridanen Radiostan; dokumentaletako urrezkoa, Alemaniako Josephine Linksen Wir sterben; Espainiako sari nagusia ex aequo, Alauda Ruiz de Azuaren Dicen eta Luis Trapielloren La mujer del hatillo gris; eta Unicef saria, Ruiz de Azuaren Dicen.

Gaur, jaialdian saritutako film guztiak emango dituzte Arriagan, 18:00etatik aurrera.

Euskal Herriko lau film laburrek ere jaso dute saria aurtengo jaialdian. Jon Garañoren Urrezko eraztuna eta Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun lanek ex aequo lortu dute jaialdiko Euskal Zinemaren sari nagusia. Garañorenak beste sari bat ere irabazi du: Cine Club Fas saria. Haritz Zubillagaren She's Lost Control fikzioko lanak sari bi ditu, publikoarena bata eta egile, editore eta Euskal Herriko Gidoigileen Elkartearena bestea; bigarren saria Ivan Casoren Muy cerca lanak eskuratu du.

Fikzioa, ez aurrera ez atzera

Aurten 73 filmek hartu dute parte. Epaimahaiko kideak hauek izan dira:Betzy Bromberg zinemagile estatubatuarra, Elena Trape errealizadorea, Mohanad Jakubi zinemagile palestinarra, Pepita Ferrari errealizadore kanadarra eta Xabier Arakistain arte programatzailea. «Oro har, kalitate tekniko handiko grabazioak heldu zaizkigu, formatu lar klasikokoak ordea; narrazioari dagokionez, esperimentazio gabekoak», azaldu du Pepita Ferrarik. «Fikzioko zineman berrikuntza gutxi sumatu dugu, ez aurrera ez atzera dago», gaineratu du Jakubik. «Gai berberak errepikatu dituzte egileek behin eta berriz, eta apenas hitz egin duten arazo politiko edota sozialez; neutroak dira».

Zinebiko epaimahaiko kideakarduratuta azaldu dira emakume errealizadoreen faltagatik. «Bat ere ez da aurkeztu lehiaketara, eta egoera benetan larria da. Zinemak nola bizi garen eta nola bizi nahi dugun azaltzen du, eta pelikula egiten duena beti gizonezkoa bada, emakumeen ahotsa desagertu egiten da». Gizarteko eragileei horren gainean hausnartzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu die Arakistainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.