Magrebera begira jarri da 'Erlea' literatur aldizkaria 3. zenbakian

Abendutik aurrera irakurketa saioak egiten hasiko direla iragarri du Bernardo Atxaga zuzendariak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Lehen zenbakian Far Westeko Euskal Herria hartu zuen ardatz Erlea literatur aldizkariak, eta Irlanda bigarrenean. Egileei espreski gai horiei buruzko testuak eskatu zizkien orduan Bernardo Atxaga koordinatzaileak. Baina hirugarrenean, «errelatoa eskura» etorri zaiela azaldu zuen. Ipar Euskal Herria ezagutaraztea zen hasierako asmoa, baina parte hartu duten bertako zenbait idazle Magrebera begira jarri ziren beren testuetan, eta Aljeriak eta Marokok hartu dute protagonismoa atzo aurkeztutako zenbakian.

Iparraldeari buruzko begirada bana eskaini dute beren testuetan Luzien Etxezaharretak eta Jabier Muguruzak. Ipar Euskal Herriko eta Aljeriako errealitateak lotu eta hizpide hartu dituzte, berriz, Txomin Peillenek, Jean-Louis Davantek eta Piarres Aintziartek. Azken horren Biziaren bazterrean liburuaz iruzkina egin du Koldo Izagirrek. Halaber, Mohamed Xukri idazle marokoarrari Miel A. Elustondok eginiko elkarrizketa eta egile berari buruz Joxemari Iturraldek idatzitako testua jaso dituzte, baita Xukriren Ogi hutsa poema ere. Halaber, Joseba Sarrionandiak aurki kaleratuko duen Moroak gara behelaino artean? liburuaren atal bat eman dute argitara, Tuaregen poesiaren amaiera izenburupean. Vicente Ameztoiren objektuekin eginiko elkarrizketarekin borobildu dute gai nagusia.

Horiez gain, beste hainbat sortzaileren ipuinak, poemak, idazlanak, liburu gomendioak eta gogoetak biltzen ditu aldizkariak bere 128 orrialdeetan. Haien guztien ondoan, Gonzalo Etxebarriak, Anne Rearickek, Zaldieroak, Ernesto Valverdek eta Erramun Landak ondutako margolan, marrazki, argazki eta ilustrazioak topatuko ditu irakurleak. Egile horietako asko bildu ziren aurkezpenean, Arantxa Urretabizkaia, Karmelo eta Erramun Landa, Eider Rodriguez, Jabier Muguruza, Felix Ibargutxi, Joxemari Iturralde eta Piarres Aintziart, tartean.

Kalitatearen erakusgarri

Garai batean Egan, Ustela eta Susa literatur aldizkariek zuten garrantziari buruz jardun zuen Atxagak. «Su txikiak ziren desertu batean; zotzak bildu eta orduko desertu kulturalean su txikiak egiten ziren, eta su horien inguruan biltzen zen idazteko kezka zeukana edo Euskal Herriko kulturan ardura zuena». Urteekin egoera erabat aldatu dela eta «literatur sistema edo erakunde bat gorputz duen gizarte literario bat» osatu dela uste du. Egoera berri horretan, literatur aldizkarien funtzioari buruz gogoeta egin zuen. «Nire ustez, Erlea-k bezala beste hainbatek halako kalitate bat erakutsi behar dute, erakutsi behar dute ze gauza ederrak eta onak egiteko gai den. Erakunde edo kultur giro honen indarra hor ere nabarmentzen da». Aldizkariko testu guztiak kalitate handikoak direla gehitu zuen.

Euskaltzaindiak argitaratzen du Erlea, eta proiektuak aurrera jarraituko duela ziurtatu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak. «Euskaltzaindiaren ikuspegitik plataforma bat da etorkizunean ekimenak ekarriko dituena». Ildo horretan, abendu aldera, Erle irakurlearen saioak irakurketa txokoaren lehen froga egingo dutela iragarri zuen Atxagak, «bestela bilduko ez litzatekeen jendea biltzeko». Heldu den urtean saio gehiago egitea da asmoa.



Edukiak

Idazlanak. Karmelo Landa, Arantxa Urretabizkaia, Joxemari Iturralde, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Piarres Aintziart, Joseba Sarrionandia, Luzien Etxezaharreta, Jabier Muguruza, Kepa Altonaga, Patxi Ezkiaga, Pedro Alberdi, Felix Ibargutxi...

Itzultzaileei galdera. Literatura unibertsaleko lanak itzultzearen garrantziaz iritzia eman dute Manu Lopez Gaseni, Koro Navarro, Xabier Olarra, Fernando Rey, Jon Alonso eta Koldo Bigurik.

Ipuinak. Lourdes Oñederra, Xabier Montoia, Eider Rodriguez eta Juan Luis Zabala.

Elkarrizketak. Mohamed Xukri eta Txomin Peillen.

Poemak. Edorta Jimenez, Jean-Louis Davant, Pello Otxoteko eta Felipe Juaristi.

Bixente Ameztoi. Hari buruzko hizketaldiak eta bestelako testuak ondu dituzte Bernardo Atxagak eta Joseba Luzuriagak.

Liburu gomendioak. Beñat Sarasola, Unai Elorriaga, Fermin Etxegoien eta Aritz Galarraga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.