"Basoaren ikuspegi poliedrikoa" ematen saiatu da Jon Maia 'Gutik Zura' dokumentalean. Mari Jose Barriolak zuzendutako proiektu baten parte da ikus-entzunezko lana. "Barriola zuraren inguruko materiala biltzen ari da azkeneko bolada luzean. Gure historiaren parte bat dira basoa eta egurra", azaldu du Maiak 'Zurriolako butaka' saioan. "Adineko hainbat pertsonekin egindako elkarrizketak tartekatuko ditugu lanean. Horietako bat Juantxo Barriola da, gaztetan Alpeetara lanera joan zena, basoak garbitzera. Baso horietako batzuetan eski estazioak egin dituzte gero". Maiak nabarmendu du garai batean euskal herritarrak atzerrira basoan lanera joaten zirela, eta egun etorkinak datozela Euskal Herrira lan hori egitera. Juantxo Sardonek eta Pixel ekoizpen etxeak egindako lana irudi aldetik ere nabarmendu du zuzendariak. Bere aurreko beste dokumental batzuetan bezala, Maia atzera begira jarri da, aurrera egiteko: "Izan garenaren ispiluaren aurrean jartzen saiatzen naiz. Izan ere, badago irudi mitifikatu bat euskaldunen inguruan: mendi artean geunden artzainak baino ez ginela. Baina Europako siderurgiaren %10 hemen ekoizten zen, eta hori basoetako zuhaitzetatik ateratako ikatzari esker zen".
'Zurriolako butaka'-ko bigarren elkarrizketatua Iratxe Fresneda Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan da. Bihar estreinatuko dute Zinemira sailean berak zuzendutako 'Irrintziaren oihartzunak' dokumentala. "Euskadiko filmategian agiri eta pelikula zaharrak arakatzen ari nintzela, Mirentxu Loiarte zinemagilea deskubritu nuen. Gero pixkanaka joan nintzen bere lanak arakatzen, eta horren fruitua da dokumentala". Loiarte bera dokumentalean ageri da hizketan, baina Fresnedak ez zuen hori erraz lortu: "Asko kostatu zitzaidan bera konbentzitzea dokumentalean azaldu zedin". 'Off' ahotsean Fresnedaren hausnarketak ageri dira, zinemarekin lotuak. "Hori hasieran ez nuen buruan, baina lantaldeak bultzatu ninduen horretara". Donostiako Zinemaldian iskanbila handia sortu zuen Loiarteren 'Irrintzi' filmak, 1978. urtean. "Film horren proiekzioak egin beharko genituzke", gaineratu du Fresnedak.
Kritikarien solasaldian, Sail Ofizialaren errepasoa egin dute 'Argia'-ko Gorka Bereziartuak eta BERRIAko Angel Aldarondok. Bestetik, 'Kalebegiak' filmaren Velodromoko irudiak eman dituzte eta Gaztezulok film horren inguruan egindako bideo-kritika emititu dute.