«Hau benetakoa da, sinets ezazue», hitz esanguratsuekin hitz egin zien atzo kazetariei Odon Elorza Donostiako alkateak. Donostia Europako 2016ko Kultura Hiriburu izateko hautagaitzan Tabakalerak berebiziko garrantzia izango duela ere esan zuen Elorzak. Haren alboan Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan ziren, udalarekin batera Tabakalera kudeatzen duten erakundeetako ordezkariak; baita Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendaria ere. «Diputazioak dituen proiektuen artean garrantzitsuenetakoa da hau, proiektu nagusia da», esan zuen Olanok. Miren Azkaraterentzat, berriz, «Tabakalera nola birsortu behar den jakitea da orain helburu nagusia». Donostia Europako 2016ko Kultura Hiriburu izatea «denok nahi dugula» ere esan zuen, baina hortik at Tabakalerak beste garrantzia zuela nabarmendu zuen. Eta hirurak ados zeuden erabakigarriak izan direla beren erakundeen akordioa eta elkarlana, proiektuak aurrera egin dezan.
Martxoaren 31n Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Tabakaleraren inguruko akordioa aurkeztu zuten. «Orain erabat sinesgarria da Tabakalera», esan zuen Joxean Muñozek horren harira. Erakundeak ados jarri izanak duen garrantzia nabarmendu zuten atzo haien ordezkariek ere. Miren Azkarate sailburuaren arabera, «aurretik emandako pauso hori gabe ez zen hau etorriko». Etorri dena eraikinaren diseinua erabakitzeko prozesua martxan jartzea da.
1. Hamaika espazio
Tabakalera zaharberrituan sei espazio mota desberdin egongo dira. Ekoizpenerako espazioa da lehen mota. Edizio gelak, laborategiak, bilera gelak, platoak, eta abar izango dira hor barruan. Erakusketa eta prestakuntzarako espazioak ere izango dira, hala nola erakusketa aretoak, proiekzio guneak, soinuarentzako aretoak, entzutegiak, eta abar. Hirugarren espazio mota mediateka digitala da. Harremanetarako eta aisiarako espazioek osatzen dute laugarren mota; hots, sarrera librea izango duen barrualdeko kale irekia (Kristina-Eneako sarrera «lasaia» eta tren geltokiaren atzealde «jendetsua» lotuko ditu), bizikidetzarako erabilera anitzeko plaza bat eta TBkafe bat dira, baita jatetxea eta abiadura handiko trenaren geltokiaren gainean aztertzen ari diren plataforma plaza baterako sarbidea ere. Bosgarren espazio mota zentroaren kudeaketarako espazioa da; eta, azkena, erakundeentzako espazioek osatzen dute (Etxepare Institutua eta Euskadiko Filmategia).
2. Oreka da irizpidea
Irizpide nagusia oreka da. «Oreka jarraikortasuna eta berritasunaren artean», Joxean Muñozen hitzetan. Tabakaleraren eraikinak fabrika izaerari eutsi beharko dio «ezinbestean», baina XXI. mendeko kultur garaikidearen produkzioari erantzuteko prestaturik, «berriturik». Bere izaera historikoari eutsi, baina aldi berean funtzionala izan beharko du, hortaz; «moldagarria» ere izan beharko du, sortzen diren behar berriei etengabe erantzuteko gaitasunaz. Teknologia alorrean gune konektatua izan beharko du, «erabat, gainera». «Funtsezkoa» izango da hori, Muñozen arabera, baita «energia alorrean jasangarria» izatea eta «hiriari, herritarrei zabalik» egotea ere. Irizpide horiek kontuan izan beharko ditu lehiaketa arkitektonikoa irabazi nahi duen proiektuak.
3. Nazioarteari irekia
Nazioarteko lehiaketa irekia da Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak (KGNZ) deitu duena. Ostiralean Internet sarean jarriko dituzte oinarriak, eta gero Estatuko Aldizkari Ofizialean (Espainia) argitaratuko dituzte. «Nazioarteko arkitekto prestigiodun en parte-hartzea» espero dute, «nahiz eta inguruko arkitektoei ere irekita egon». Bi fase izango dira: arkitektoek beren proposamenak aurkeztu ahalko dituzte irailaren bukaera arte, eta hilabete baten buruan hiru finalista hautatuko dira. Bigarren fasea abenduan burutuko da, epaimahaiaren behin betiko epaiarekin. «Irabazlea ez da irabazle soil bat izango, interlokutore bat baizik, lankidea, konplizea», esan zuen Joxean Muñozek arkitekto irabazlearen eta Tabakalerako arduradunen arteko elkarlana ezinbestekoa izango dela garbi utziz.
4. Epaimahaia
Epaimahaia hamar kidek osatuko dute. KGNZko Administrazio Kontseiluko erakundeetako hiru ordezkari gorenak (Odon Elorza, Markel Olano eta Miren Azkarate), KGNZko zuzendari nagusia (Joxean Muñoz), Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin hitzartutako arkitekto bat, berrikuntza arkitektonikoan, teknologia berrietan eta eraginkortasun energetikoan aditua den arkitekto bat, eraikin kulturaletan aditua den arkitekto bat, eta erakundeen ordezkari gisa, hiru goi mailako teknikari egongo dira epaimahaian. Proposamenen balorazioak berritze arkitektonikoaren kalitatea eta funtzio anitzekiko, teknologiarekiko eta ingurugiroarekiko erantzunak izango ditu ardatz. Ordainsaria 2.969.460 eurokoa izango da. Kopuru horrekin gutxi gorabehera bost urtetako zerbitzu profesionala ordainduko da.