Maileguan hartutako abestiak

Charles Mingus jazzeko kontrabaxu jotzaile estatubatuarraren musikan inspiratutako piezak bildu ditu Iosu Izagirre Sextetek 'Mingus Moods' disko berrian

Iosu Izagirre Sexteteko taldekideak, Mingus Moods disko berriaren aurkezpenean, Gasteizko Dazz tabernan. RAUL BOGAJO / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Bi lagun, garagardo bana eta bizitzaren inguruko elkarrizketa sakon bat. Horrela jaio zen 2022ko abenduan Iosu Izagirre Sextetek Gasteizko Araba aretoan grabatu zuen Mingus Moods jazz disko berriaren ideia (Gaztelupeko Hotsak). «Duela urte eta erdi, Alvaro Herrero nire lagunarekin geratu nintzen hitz egiteko, eta Charles Mingusen inguruko ikerketa lan baten fruitu ziren zenbait abesti eginak nituela kontatu nion», azaldu du Izagirrek berak. Sonora Estudioseko ekoizlea da Herrero, eta proiektuarekin aurrera egitera animatu zuen laguna. Izagirre, berriz, ez zegoen oso konbentzituta; nahikoa zuen berak «txakurra egunero paseatzearekin». Herreroren aholkuari jarraituz, ordea, esku artean zituen abestiekin disko bat egitea erabaki zuen.

«Talde handiekin jotzen zuen, oro har, Mingusek, eta berehala ekin nion nik ere hainbat musikarirekin harremanetan jartzeari». Izen gehienak buruan zituen aurretik, eta, telefono dei batzuk egin ostean, beste bost musikarirekin osatu zuen taldea. «Ruben Salvadorrek tronpeta jotzen du, Pablo Ramosek saxo altua, Asier Iturbek tronboia, Koldo Uriartek pianoa, eta Asier Bravok bateria». Abestien konposizioaz eta kontrabaxua jotzeaz arduratzen da, berriz, Izagirre. «Ruben Galizian bizitzetik bueltatu zenean eta elkarrekin jotzeko deitu zidanean kendu nion hautsa kontrabaxuari», aitortu du.

Izagirrek, hain zuzen, denbora luze eman du musikaren mundutik «deskonektatuta». Aldiz, lagunen zirrarak eta babesak, eta Charles Mingusek sortzen zion interesak diskoa sortzera bultzatu zuten. «Jazzaren historiako kontrabaxu jole handienekotzat hartzen dute Mingus, baina kontrabaxu ikasleek ez dituzte haren transkripzioak gogoko». Horrek asko harritu zuen musikaria, Mingusek uztartzen zituen melodiak, estiloak eta generoak askotarikoak baitziren. «Haren lana zabala da, eta ezin da elementu gutxi batzuetara murriztu».

Imitazioa ez, omenaldia

Jazza entzuten hasi zenean, ordea, bestelako konpositoreak entzuten zituen Izagirrek: «Miles Davis, Charlie Parker eta halakoak». Inork ez zuen Mingusen antzik. «Izaera zakarrak eta umore zorrotzak bereizten zuten, eta bere konpromiso politikoak zentsurarekin talka egiteak». Egia, borroka eta maitasuna ziren Mingusen abestietako elementu nagusiak , eta horietan jarri du arreta Izagirrek. «Sortzen zuen musika guztia ulertu nahi nuen, baina ezinezkoa da». Erritmo asko, askotariko elementuak eta baliabide «amaigabeak» erabiltzen zituen etengabe. «Oinarrizkoenak hartu ditut nik».

Izagirrek onartu du Mingusen zaleei ezagun egingo zaizkiela diskoan erabili dituen «testurak, zatiak, melodia gainjarriak eta inprobisazio kolektiboak», baina aurreratu du Mingus imitatzea ez dela inoiz bere helburua izan. Omenaldi txiki bat besterik ez zion egin nahi. «Bere konposizioetan errepikatzen diren elementuetako batzuk hartu dizkiot maileguan, musika berria konposatzeko abiapuntu gisa». 1950eko hamarkadan Mingusek egin zuen musikan oinarritu da bereziki.

Zortzi kanta ditu, guztira, diskoak: Mingus Moods, Landalan, Noraren dantza, Ez pentsatu gehiegi, Non gogoa, A los que se fueron, Tiempos nuevos, tiempos salvajes eta Piscola. Bi egun behar izan zituzten abesti horiek guztiak grabatzeko, baina kanta gehiago sortu zituzten denbora horretan ere. Txakurra paseatzera eraman behar zuen egun horietako batzuk erabili zituen diskoa osatuko zituztenak aukeratzeko. «Azken 40 urteotan hartu ditudan erabakiak gutxi izan dira disko honen inguruan hartu behar izan ditudanekin konparatuta!», esan du, barrez.

Diskoa grabatzea baino, askoz ere zailagoa egin zitzaien hori egiteko tokia topatzea. «Pianoa duten areto gutxi daude, eta guk pianoa behar genuen, Mingusen kantetan pianoa entzuten baita». Hiriaren erdialdean dagoen Gasteizko Araba aretoa da baldintza hori betetzen duten gutxienetarikoa, eta bertan grabatu zuten. «Pare bat egun eman genituen horretan». Abenduaren 10ean, larunbatean, goiz osoa eman zuten musika tresna guztiak prestatzen.Arratsaldea eta hurrengo eguna, berriz, kantak grabatzeko erabili zituzten. «Jazza egiteko modu bakar bat dago: musikari guztiok elkartzea, eta aldi berean jotzea».

Urte osoko musika estiloa

Grabazioarekin hasi baino lehen,egin zituzten diskoaren lehen zuzeneko kontzertuak, udan, entseatzeko helburuz. Ordutik ez dute askorik eman, eta aurreragoko emanaldiak ere konfirmatu gabe dituzte oraindik. «Ez da erraza kontzertuak ematea», esan du Izagirrek. Hori bai, argi utzi du azkenaldian jazzak inoiz baino aukera gehiago dituela. «Duela urte batzuk baino jaialdi gehiago daude orain, eta horrek ateak irekitzen dizkigu». Estilo hori jo eta entzuteko jaialdi bakarra izateari utzi dio Gasteizko Jazzaldiak, eta musikariak oso pozik daude aukera irekitze horrekin. «Urte osoan entzun daiteke jazza». Dazz (Gasteiz) bezalako tabernek ere asko egiten dute horren alde; horregatik aukeratu dute, agian, argi leunez eta belusezko sofaz beteriko toki hori diskoa aurkezteko. «Egin dugun musika erakutsi nahi dugu orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.