Maitasunaren minak edertzen

Michael Hanekeren 'Amour' filmak iragarpenak bete ditu, eta Cannesko Urrezko Palma irabazi du

Agentziak
Cannes
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ramon Agirreri egindako elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk herenegun, eta, besteak beste, zera esan zuen: «Michael Hanekeren Amour filma oso ederra da; tristea baina ederra». Bazekien zertaz ari zen. Izan ere, bera izanda zinemagile austriarrak zuzendutako filmeko aktoreetako bat. Bada, herenegun bertan, iragarpenak bete, eta Cannesko 65. zinema jaialdiko Urrezko Palma irabazi zuen Amour-ek; sari nagusia, alegia. Maitasunaren minak edertzen dituen film bat da, amodioaren alde ezkutuaren berri ematen duena.

Beste sariei dagokienez, epaimahaiaren sari nagusia Reality-k irabazi du, Matteo Garronek zuzendutako lanak. Emakumezko aktore onenaren saria Cristina Fluturrek eta Cosmina Stratanek partekatu dute (Dupa Dealuri), eta gizonezko aktore onenarena, berriz, Mads Mikkelsen Jagteni eman diote (La Chasse). Carlos Reygadasek eraman du zuzendari onenarena (Post tenebrax lux), eta Cristian Mungiuk gidoiarena (Dupa Dealuri). Epaimahaiaren aipamen berezia Ken Loachen The angels share-rentzat izan da. Nani Moretti epaimahaiburuak adierazi zuen «sentsibilitate guztiak» saritu nahi izan dituztela.

Urrezko Palma bi aldiz irabazi duten zuzendarien multzoan sartu da Haneke. Haren aurretik gauza bera egin zuten Alf Sjobergek, Francis Ford Coppolak, Billie Augustek, Emir Kusturicak, Shoei Inamurak eta Luc eta Jean-Pierre Dardenne anaiek. Orain hiru urte eskuratu zuen Cannesko sari nagusia austriarrak, Das Weisse Band filmarekin.

Hura bezain lehorra da Amour ere. 80 urtetik gorako bikote baten istorioa kontatzen du —Jean Louis Trintignantek eta Emannuelle Rivak jokatu dituzte rol horiek—. Musika irakasleak dira, eta Parisen bizi dira, luxuko pisu batean. Halako batean, burmuineko infartu bat izango du emakumezkoak, eta, horren ondorioz, ia-ia erabat elbarri geratuko da. Horrek emakumea egun osoan zaintzera behartuko du gizona.

Filmeko lehen planoa izan ezik, beste guztiak etxe barruan filmatutakoak dira. Flash back-a erabiltzen du Hanekek, eta ikusten da bikotea nola bisitatzen duten haien alabak, lagunek, eraikineko atezainak... Errukiaz, gaixotasunaz, zahartzaroaz eta bizitzaren bukaeraz mintzo da Amour, erabateko soiltasunez. Maitasunaz ere bai, nahiz eta film osoan behin ere ez duten hitza bere horretan erabiltzen. Hanekek ez zuen filmari buruzko interpretaziorik egin nahi izan saria jaso zuen unean. Ikusleen egitekoa dela iruditzen zaio. Halere, nabarmendu zuen haren filmak genero bati edo biolentziari lotu izana ez duela gogoko. Baina gogoratu zuen, ordea, «beti» hitz egin behar dela amodioaz. Bere minak erakutsi ditu Hanekek, ezagutu zuen egoera batetik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.