Maite maite duzun hori

Gontzal Agote.
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Zinema

'Todas las canciones hablan de mí'



Zuzendaria: Jonas Trueba. Aktoreak: Oriol Vila, Barbara Lennie, Bruno Bergonzini, Valeria Alonso, Miriam Giovanelli. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 107 minutu.

Zinema espainiarra maite dutenei Jonas Truebaren lehen filma beharbada jasangaitz eginen zaie. Zinema frantziarra maite dutenek ziur aski gozatuko dute filmarekin. Bata zein bestea maite dutenen artean —egon, badaude— denetariko iritziak izanen dira. Eta zinema errusiarra...

Blogari oparoa da Trueba gaztea eta bere azken urteotako idazki digitaletan oso argi utzi izan du zeintzuk dituen erreferentzia kutunak: nouvelle vague, eta horien artean Truffaut. Mugimendu horretatik kanpo ere hainbat zinemagile frantziar ia ezinbestekoak dira harentzat: Robert Bresson eta garaikideen artean Arnauld Desplechin. Horregatik guztiagatik, Madrilen girotuta dagoen Todas las canciones hablan de mí erabat frantsesa da. Ohiko bidetik aterata, opera prima ezin interesgarriago egin du Truebak.

Zuzendariak ez du publikoa den bere maitasun istorioa ezkutatzeko ahaleginik egin. Areago, batere erreparorik ez du izan 60ko gazte frantziar horiek zuten istoriok egituratzeko eta filmatzeko zuten modua bere egiteko. Ausardia handia hasiberria den gazte bizargabe batentzat, baina era berean jarrera zintzoa: zinema maitarazi diotenei omenaldia eskaini, hura mozorrotzen ibili gabe. Kontua da Tarantino abizena izan ala Trueba izan halakoak ez direla igual hartzen.

François zaharraren eskuak gidatuko du narrazio desegituratuaren arima. Amodioaren eta desamodioaren inguruko istorioa da kontatu nahi duena, baina komedia erromantiko tipiko bat egin gabe. Harremanen eta sentimenduen inguruko gogoeta da, belaunaldi erretratutik gertu. Izan ere, kutsu autobiografikoa ukaezina du filmak; ezin esan Oriol Vilaren pertsonaia Jonas Truebaren alter egoa denik, baina oso urrun ez da ibiliko.

Ikuspuntu pertsonal hori guztiz errotzeko, zuzendariaren gustu literario eta musikalez josia dago filma. Argi dago asko eta ongi leitu eta entzun duela, horregatik antzeko zaletasunak konpartitzen dituztenei erakusteko joera hori barkagarriago gertatuko zaie. Beste askorentzat, aldiz, pornografia kultureta gertatuko da.

Gidoiari baino, zinemaren egitura narratiboari jarri nahi izan dio arreta. Abstrakziora jo behar izan gabe, ez du kontatutakoaren sinesgarritasuna bilatu, kontatzeko mekanismoak agerian utzi baizik. Eta, batez ere, maitasun aitorpen bat egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.