Maitemindu dadin berriz

Ekuadorko zinemagintzaz aritu dira hango eragileak Miarritzeko Latinoameriketako zinema eta kulturen jaialdian, hango dozena bat film ekarri baitituzte, eta gaur amaituko da jaialdia, sari banaketarekin.

Ekuadorko film egile eta eragileak, Miarritzeko jaialdiak antolatu mahai inguruan. N.A. LETE.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2015eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Herriaren aldeko olde bat» bezala. Film estreinaldi bakoitzean luzaz horrelako zerbait sentitu zutela azaldu zuen Anahi Hoeneisen film egileak. Haren Esas no son penas filmak arrakasta ederra jaso zuen haren herrian, Ekuadorren. Urtarril batez filmatu zuten. 2004an izan zen. Garai hartan, zinema munduko langile gehienek publizitate arlotik ateratzen zuten dirua. Eta urtarrila zuten guztiek lanik gabeko hilabetea. Hilabetea bururatzeko zenbat behar zuten, eta hori lortu eta hasi zuten filma. Kooperatiba bat sortu zuten, eta talde txiki batekin dena egin. Talde «intimoa» zen. Eta istorioa ere intimitate horretatik konta zitekeen. Haurtzaroko bost lagunek berriz elkar aurkitzen dute 14 urte berantago. Elkar aurkitzen duten egun hori bera du kontatzen filmak, bakoitzaren amets eta bilakaeren arteko aldea agerian utziz. Behin filma atera eta, olde hori sentitu zuen Hoeneisenek. Herrian zein kanpoan. Besteak beste, Donostiako Zinemaldira ere iritsi zen.

Geroztik, egin du besterik Hoeneisenek. Baina ez dute hainbeste funtzionatu haren ondorengo lanek. Hori bai, geroztik lan baldintzak hobetu dira. Horrekin, denak ados. Ekuadorko zinemagintzaren egoeraz antolatutako mahai inguruan izan zen film egile eta besterik, Miarritzeko Latinoameriketako zinema eta kulturen jaialdiaren karietara. Zinemagileak laguntzeko instituzioak badira 2006az geroztik. Zinema nazionalerako kontseilua (CnCine) badago, baita lege bat ere. Horrek sektorea garatzen lagundu duela errateko ados ziren denak. Dinamika denentzat begi bistakoa da. Dozenaka film estreinatzen dira urtean. Nahiz eta oraindik diru publiko gehiago sar daitekeela deritzon, adibidez, Miguel Alvear egileak, ikusiz zenbat milioi sartzen dituen propaganda politikoan gobernuak: «Gutariko askori gustatuko litzaiguke propagandarako dirua doi bat apaltzea eta igotzea produkzioarena».

Filmak bai, ikuslerik ez

Biderkatu dira filmak. Baina ikusle kopurua, aldiz, ez da biderkatu. Paradoxalki, gutxiago doaz tokiko filmen ikustera. 100.000tik behera ikusle batu zituzten joan diren bi urteetan. 2006 aitzin, ikusle gehiago biltzen zituztelarik, pare bat film bakarrean. AEBetatik etortzen diren film komertzialek dute gehien erakartzen beti. «Garapen krisia» izendatu zuen fase hori Jorge Serranok, Ekuadorko Frantziakoenbaxadako kultur arduradunak. Nahiz eta talentuak badaudela uste duen, «ohikeria» bat ere ikusten du. Film anitz atera direla, «elkarren antza dutenak». Anitz, «gaizki josiak», eta teknika «kaskarrarekin». Agian, batzuetan, publikoak zer nahi lukeen ikusi ere beharko lieketela galdetu beren buruei egileek. Autokritika hori bere egin zuen Victor Arregui film egileak. Batzuetan ez dakiela argi filmak ez ote dituen egiten «terapia bat bezala», agian planteatu gabe ea norbaiti interesatuko zaion idazten ari den hori. «Publikoa haien filmez berriz maitemindu dadin lortu behar dute film egileek», borobildu zuen Serranok. Egoera erlatibizatzen ahalegindu zen bere aldetik Hoeneisen. Berez, herriaren aldeko olde horrek ez irautea logikoa dela. «Prozesu naturala» dela.

Gehiago dena, egunkarietan oraindik, «Ekuadorreko film berri bat zinema geletan», horrelako titularrak irakurri daitezkeela ohartarazi zuen Lisandra Rivera dokumentalaren egileak. Eta agian, beharko luketela alde hori gainditu hauek ere. Elkarrizketetan, Ekuadorko zinemaren egoeraz galdetzen zaiela beti egileei.

Hezkuntzatik begiratuta, haurrentzako ez dagoela tokiko produkziorik damutu zen baita Juan Martin Cueva CnCineko arduraduna. Ekuadorko film nagusiak elkartzen dituen bilduma bat ekoitzi eta ahal bezainbat kolegioetara bidali izan dutela ere zehaztu zuen. Baina halere Ekuadorko haurrek Madagascar (DreamWorks Animation) dutela ikusi batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.