Makila makulu soil

Manoel de Oliveirak 'Gebo et l'ombre' filmatu berritan ospatu du bere 103. urtebetetzea, eta dagoeneko buruan dauka hurrengo proiektua izango dena: Machado de Assisen testu batean oinarritutako film bat.

Elling obrako irudi bat. Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Kontrakoa erakusten saiatzen diren arren, aldian-aldian munduko pertsonarik zaharrena zein den esanez, ezinezkoa da egiazki nor den demostratzea. Haatik, inor gutxik jar dezake ezbaian Manoel de Oliveira portugaldarra dela (Porto, 1908) bizirik dagoen zinemagile zaharrena. Bizirik soilik ez, ondo aktibo dagoen zinemagilea ere bada De Oliveira. Atzo bete zituen 103 urte. Eskumakila dauka makulu bakar, eta zuzendu duen azken filma estreinatzeko zain dago, Gebo et l'ombre. 2012an estreinatuko dute filma, ondo bidean.

Parisen filmatu zuen lan hori, eta azken ukituak baino ez ditu falta guztiz amaitzeko. Michael Lonsdale-k, Jeanne Moreauk eta Claudia Cardinale-k parte hartu dute filmaketan aktore modura, eta hurrengo urteko Cannesko zinema jaialdian aurkeztuko dutela espero da. Film hori egiteko ideia «kasualitatez» burutu zitzaiola adierazi zuen Oliveirak jendaurrean egin dituen azken agerpen publikoetako batean, Portoko Portucalense Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuenean. «Ikusle batek animatu ninduen behartsuei buruz film bat egitera».

Azken filma amaitu berria du, baina jadanik egitasmo berria buruan darabil. Sasoiko dagoela dio, eta eskumakila baino ez du behar bere egitasmoei heltzeko. Machado de Assis Brasilgo poetaren La Iglesia del Diablo testuan oinarritutako film bat egitea da haren hurrengo helburua.

Manoel de Oiveirak laurogei urte baino gehiago darama zinemaren munduan, eta Portugalgo zinemagile garrantzitsuentzat jotzen dute. 1931n egin zuen lehen urrats serioa: aitaren kamerarekin, Douro, faina fluvial film laburra egin zuen. Bere jaiolekuaren gorazarre poetikoa izan zen, zuri-beltzean eta dokumental modura egindako lana. Hastapen urteetan ez zen askorik nabarmendu, eta hasiera irregularra izan zuen, Aniki-Bobó filmak izandako arrakasta komertzial eskasa zela kausa, baina 70eko markadaz geroztik, aurrez egindako lan guztiaren fruitua jasotzen hasi zen O passado e o presente (1972), Francisca (1981), No, o la vana gloria de mandar (1990) eta O convento lanei esker, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.