Manex Agirrek lortu zuen puntuaketarik altuena iragan igandean Zigoitiko kultur zentroan jokaturiko Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan. 354,5 puntu lortu zituen eta apirilaren 2an Gasteizen jokatuko den finalerako lehen txartela eskuratu zuen. Bere atzetik geratu ziren Oihane Perea (348,5), Felipe Zelaieta (294,5), Serapio Lopez (291), Ainhoa Comas (283) eta Irati Anda (278). Ainhoa Comasek, finalaurretako ordezkoak, Andere Arriolabengoaren lekua bete zuen, azken momentuan ezin izan zuelako joan.
Bertsolariek urduri hasi zuten saioa, baina lasaitu ahala saioa berotzen joan zen. Zortziko handian Agirrek eta Pereak erakutsi zuten daukaten maila eta oso ofizio polita osatu zuten. Zortziko txikian Agirrek berak eta Comasek oso saio arina egin zuten telefono konpainia bateko langilearen eta eskaintza jasotzen duenaren paperean. Kartzelako lanean, bi puntu erantzun eta bakarkako gaiari bi bertso botatzea izan zen bertsolarien lana.
Orain beste bi finalaurreko falta dira apirilaren biko finalean ariko den seikotea osatzeko. Datorren asteburuan, larunbatean Aramaion eta igandean Agurainen, jokatuko dira beste bi saio horiek.
Manex Agirre sailkatu da Arabako Txapelketako finalera
Aramaion eta Agurainen jokatuko dira beste bi finalaurrekoak, larunbatez eta igandez hurrenez hurren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu