Manuel Irujo EAJko abokatu, politikari eta Espainiako Errepublikako ministro zenak Paris eta Londresko erbestera eraman zituen liburuen artxiboa —400 alez osatua— dohaintzan eman diote haren ondorengoek Liverpoolgo Unibertsitateari.
Horrez gain, Manuel Irujoren omenezko bi ekitaldi jarriko ditu abian Etxepare Euskal Institutuak: batetik, Manuel Irujo Lecture Kongresua, azaroaren 27an Liverpoolgo Unibertsitatean, Irujoren senitartekoen, Chris Harris Liverpoolgo Unibertsitateko Kultura, Hizkuntzak eta Ikerketak departamentuko buruaren, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustapen eta Hedapenerako zuzendariaren eta Luger Mees eta Iban Zaldua EHUko irakasle eta idazleen parte hartzearekin; bestetik, Manuel Irujo Fellowship Katedra, urtero, 2014-2015eko ikasturtetik aurrera, euskal exilioaren inguruko ikerketa bultzatzeko, Liverpoolgo Unibertsitatean.
Dohaintza, kongresua eta katedra aurkezteko gaur eguerdian Koldo Mitxelena Kuklturunean egindako ekitaldian, Manuel Irujok gerra garaian erakutsitako humanismoa nabarmendu dute, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia sailburuak Irujok heriotz zigorraren aurka izandako jarrera irmoa eta gerrako arerioen bizitza errespetatzearen alde egin zituen ahaleginak nabarmendu ditu.
Erkorekaz gain, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak, Chris Harris Liverpoolgo Unibertsitateko Kultura, Hizkuntzak eta Ikerketak departamentuko buruak eta Irujoren hiru senitartekok hartu dute parte: Miren Button Irujo ilobak, haren senar Richard Chandlerrek eta Aingeru Epaltza idazleak. Epaltzaren amonaren lehengusua zen Irujo, eta haurtzaroan “oso etxekoa” izan zuten.