Orioko, Aiako eta Leitzako udalek eta hiru herrietako eragileek Manuel Lasarte zena omenduko dute ostiral honetan, Karela kiroldegian 22:00etatik aurrera izango den ekitaldi batean. Lasarte bertsolaria eta haren sorkuntza gogora ekarri nahi dituzte, “utzitako ondarea eskertzeko eta zabaltzeko”, gaur Donostian egindako aurkezpenean esan dutenez. Ekitaldian sarrera doan izango da —aretoak 600 lagunentzako tokia du—.
Leitzako Franki baserrian jaio zen Lasarte, 1927an. Hamabi urte zituela Aiara joan zen bizitzera, eta handik Oriora. Joan den otsailaren 12an hil zen, Aretxabaletan. Hamazazpi urterekin hasi zen bertsotan, Zaldibarren, eta 40 urte inguru eman zituen plazaz plaza.
“Manuel hil ondoren talde ezberdinek omenaldia egiteko asmoa zutela ikusita, ekitaldi bakarra egitearen egokitasunaz aritu ginen lehen bilera batean. Bakoitza bere kabuz aritu baino, indarrak batu eta ekitaldi osoagoa antolatzea egokiagoa zela ikusi genuen. Familiak ere nahiago zuen omenaldi bakarra egitea, eta haien nahia errespetatuz ekitaldi bakarra egitea adostu genuen”, esan du gaur Beñat Solaberrieta Orioko alkateak.
30en bat lagun oholtzan
Ordu eta erdi inguruko ekitaldia izango da, bertsoa, hitza, musika eta dantzarekin. Hogeita hamarren bat lagun igoko dira eskenatokira; kantariak (Orioko Herri Ikastolako Olaxka abesbatza eta Mertxe Oliden), musikariak (Martin Perona, Gari eta Iñaki trikitilariak, Joxerra San Sebastian eta Imanol Urkizu) eta bertsolariak (Miguel Mari Elosegi Luze, Martin Rezabal Olaso, Patxi Etxeberria, Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto eta Andoni Egaña), besteak beste.
Omenaldiko unerik hunkigarrienetakoa amaierako utzi dute: Manuel Lasarteren seme Eusebio oholtzara igoko da aita zena bertsoz agurtzera.