Mapan jartzearen garrantzia

Bernardo Atxagak bere izeneko katedra inauguratu du New Yorken, CUNY Unibertsitatean

Bernardo Atxaga idazlea, bere izeneko katedraren harira New Yorken hitzaldia ematen. KOITZ.
Igor Susaeta.
New York
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
«Existitzea ez da nahikoa. Presente egon behar duzu. Horregatik, mapan jarri behar da». Bernardo Atxagaren hitzak dira, herenegun New Yorken esan zituenak. Bere izeneko katedra inauguratu zuen CUNYko (City University of New York) Gradudunen Zentroan. Unibertsitate horrek eta Etxepare Institutuak lortutako lankidetzari esker jarri da abian, euskarari zein euskal literaturari hauspoa emateko asmoarekin. «Katedra honi jarraipena eman nahi diogu», adierazi zuen Aizpea Goenagak, Etxepare Institutuko zuzendariak.

Aste barruan ekintza dezente egin dira katedraren harira. Mari Jose Olaziregi literatur kritikari eta Etxepare Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendariak, Jabier Muguruza kantari eta musikariak, Goenagak berak eta Amaia Gabantxo itzultzaileak parte hartu dute horietan. Atxagak berak Cultura y cambio político en Euskadi mintegia zuzendu du, eta Gradudunen Zentroko graduondoko hamabi ikaslek hartu dute parte. Horietako gehienak inaugurazio ekitaldian bildu ziren, Gradudunen Zentroaren eraikinean, hiriko Bosgarren Etorbidean.

Horien, beste 25 bat lagunen, eta katedrari bidea ireki diotenen babesean, Viaje al centro hitzaldia eman zuen Atxagak. Lehenago, ordea, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Olaziregik eta Jose del Valle CUNYko Literatura eta Hizkuntza Hispanikoen eta Brasildarren Departamentuko zuzendariak esker oneko hitzak izan zituzten.

Atxagak Gabriel Aresti izan zuen gogoan hitzaldiaren hasieran. «Nire maisua izan zen. Nigan eta ni bezalako beste gazte batzuengan sinetsi zuen. Esaten zuen izena zaindu behar dela. Saiatu behar genuela gure izena munduan, memorian, asentatzen. Eta, begira, orain nire izena duen katedra bat dago New Yorken». AEBetako unibertsitateetan baino ez da aritu Atxaga irakasle gisa: Atlantan (Georgia), Stanforden (Kalifornia), Dartmouth Collegen (New Hampshire) eta Renon (Nevada).

AEBetako mapan kokatu ditu idazle gipuzkoarrak bere obrazein euskararen, euskal literaturaren eta euskal gizartearen bere ikuspegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.