Marc Chagall eta Javier Mariscalen erakusketak hartuko ditu Kubo-Kutxak

Hamar urte bete ditu Donostiako Kursaaleko arte aretoak, eta 1.300.000 bistari jaso ditu 42 erakusketatan

Pilotari buruzko erakusketa dago egunotan Kubo-Kutxa aretoan. J. URBE / ARP.
Juan Luis Zabala
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Marc Chagall eta Javier Mariscal artisten erakusketa bana eskainiko du datorren urteko programazioaren barruan Donostiako Kursaaleko Kubo-Kutxa aretoak. Hamar urte bete ditu oraintxe, eta tarte horretan han egindako 42 erakusketek 1.300.000 bisitari izan dituzte, antolatzaileek emandako datuen arabera.

Hamaikagarren urteko aurreneko erakusketa urtarrilaren 20an zabalduko da, eta Sakratuaz eta profanoaz izango du izenburu. San Sebastian martiriaren inguruko artelanak bilduko ditu, Jorge Oteizak, Carmen Calvok etaJose Guinovartek sortuak horietako batzuk.

Udaberrian, azkenaldian erositako lanak erakutsiko ditu aretoak, hainbat egilerenak horiek ere: Bernardino Bienabe Artia, Eduardo Lagarde, Elias Salaberria, Julio Caro Baroja, Carmelo Ortiz de Elgea, Jose Zugasti, Dira Salazar… Azken hiru urteetan 150 obra erosi ditu aretoak bere funtsetarako.

Marc Chagallen erakusketa udaberrian iritsiko da Kubo-Kutxara. Bilduma partikular nahiz publikoetako obrak izango dira, Parisko Pompidou zentrokoak horietako batzuk.

Javier Mariscalena urteko azken erakusketa izango da. Kubo-Kutxa aretorako berariaz sortutako diseinu integrala egingo du artistak, eta hortik aurrera aretoak Mariscal espazioa izango du bere baitan. Horretaz gain, erakusketak sail bat izango du Chico y Rita animazioko filmari eskainia. Fernando Truebarekin elkarlanean sortu du lan hori Mariscalek. Bebo Valdes kubatar musikariari eskainitako lana da.

Hamargarren urteurreneko ekitaldiak atzo hasi ziren, eta etzi eta etzidamu izango dute jarraipena. Txotxongilo taldea ariko da etzi, eta igandean Almudena Ortega eta Josu Okiñenak egingo dute emanaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.