Marcos Mundstock esatari, aktore eta umorista (Santa Fe, Argentina, 1942 - 2020) hil egin da. Umorea eta musika uztartzen dituen Les Luthiers talde argentinarreko kidea zen.
Mundstock irratian eta publizitatean hasi zen lanean, baina 1967an The Luthiers taldea sortu zuen, Gerardo Masana, Carlos Lopez, Carlos Nuñez, Jorge Maronna eta Daniel Rabinovichekin batera, eta ordutik aurrera bakarrik horretan aritu zen. Mundstockek ahots baxu bereizgarria zuen, eta ikuskizunetako sarrerako testuak kontatzen zituen.
Taldeak aldaketa ugari izan ditu ibilbidean, eta 7.600 emanaldi baino gehiago eskaini. Mundstocken heriotza taldeak pairatzen duen hirugarrena da: 1973an Masana zendu zen, eta 2015ean, berriz, Rabinovich. Bestalde, Nuñez 2017an erretiratu zen, 75 urterekin, borondatez, eta, ondorioz, gaur egun, hasierako taldeko bi kidek bakarrik jarraitzen dute: Lopezek eta Maronnak. Mundstockek oholtzetatik erretiratu behar izan zuen iaz, gaixotasun baten ondorioz.