Unerik zailenetan ere sorkuntza azaleratu egiten da. Are, sorkuntzak arnasa eman dezake, bestela ezinezkoa litzatekeen iheserako bidea eskain dezake. Hori pentsatu edo sentituko zuten Pedro Antequera Azpirik eta David Alvarez Floresek Espainiako gerra amaitu ostean Conde de Torenoko (Madril) espetxean preso zirenean. Heriotza zigorraren mehatxua zintzur parean izanda, zail behar du izan pintatzen jartzeak, baina errealitate ito edo gordinetik atera beharrak bultza dezake pertsona sorkuntza lantzera.
Zentzu askotan, Antequera Azpirik eta Alvarez Floresek biografia paraleloak izan zituzten. Biak Madrilen jaio ziren; 1892an eta 1900ean, hurrenez hurren. Gipuzkoan egin zuten lan ibilbideko zati handi bat, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan. Antzeko sortzaileak ziren, eta marrazkilari lanbideko alor guztiak jorratu zituzten: karikatura, publizitatea, kartelgintza, liburuen ilustrazioa, egunkariak eta aldizkariak.
Mikel Lertxundi artistak, Pedro Antequera Azpiri ilustratzaileari buruzko ikerketa batean lanean ari zela, ustekabean topatu zituen hark gerra ostean espetxe frankistetan giltzapean egon zen bitartean eginiko lanak. Aldi berean, David Alvarez Flores marrazkilariaren memoria berreskuratzea ere lortu du. Lertxundi da Espetxeko erretratuak erakusketaren komisarioa. Donostiako Koldo Mitxelenako ganbera aretoan dago ikusgai erakusketa, bi marrazkilari horien 50en bat lanek osatzen dute eta martxoaren 12ra bitartean egongo da zabalik. Hainbat teknika erabiliz eta koloreetan egindakoak dira lanak. Karikaturak dira batzuk, eta erretratuak gainontzekoak. Kartzela barruko pertsonenak dira, haiekin preso izandakoenak asko eta asko.
Ganberako sarreran bi marrazkilarien gerra aurreko lanak daude, kolore gorria nagusi den hormetan. Behin barrura joanda, kolore grisa, soiltasuna eta espetxearen hotza irudikatzen duen giroa gailentzen dira. Eta erdian, espetxekoak diruditen argi horiko lanpara batzuen azpian, bitrina bat dago, eta bitrina horretan gerra aurreko eta ondorengo argitalpenak konparatzeko aukera dago.
Sei hilabete zituelarik iritsi zen Tolosara David Alvarez. Hasieran, han hazi eta hezi zen, udaleko marrazketa akademian eta aitaren ondoan. Aita lanbidez grabatzailea zen eta erreprodukzio mekanikoaren teknikak irakatsi zizkion. Bere ingurunea eta, ondorioz, urte horietan bildu zitzakeen eraginak guztiz mugatuak ziren, baita obrak erakusteko aukerak ere, herriko denda leihoetan obra apur batzuk aurkezteko modua baino ez baitzen bertan.
Antequera Azpiriren ibilbidea oso desberdina zen 1919rako, Donostian bizitzen jarri zenerako. Zuzenbidean eta Filosofia eta Letretan lizentziaduna zen, eta lana —Liburutegi Nazionaleko artxibozaina zen, Madrilen— eta arte bokazioa ezkontzen zituen. 20 urte zituelarik, bigarren saria lortu zuen Madrilgo El Imparcial egunkariak antolaturiko karikatura lehiaketa batean, eta halaabiarazi zuen karikaturagile eta irudigile ibilbidea. Sarituriko marrazkiak jadanik erakusten zuen urteak joan urteak etorri bere marka arrakastatsua izan zen konposizio mota: jende andana bat goitik ikusita.
Ondoko urteetan bakarkako erakusketa batzuk antolatu zituen (Madril, 1913 eta 1916, eta Bilbo, 1915) eta taldeko beste batzuetan ere parte hartu zuen, bere burua ezagutzera ematearen garrantziaz jabetuta.
Karikaturez eta erretratuez kanpo, kartelgile eta irudigile lanetan hasia zen orduko, eta marrazkiak argitaratzen zituen zenbait libururen orrietan eta garai hartako espainiar aldizkari nagusietako batzuetan (La esfera eta Mundo Gráfico).Beraz, 27 urterekin, Donostiara iritsi zenean, halako bide bat egina zuen marrazketan, Alvarezek ez bezala, hura orduan ari baitzen hasten lehengo urratsak egiten.
Antequera Azpiri eta Alvarez Flores 1919 ingurutik ziren lagunak. 1934an Madrilen kokatzea erabaki zuten, lanbidean aukera gehiago izateko. Han harrapatu zituen Espainiako gerraren hasierak. Bakoitza bere erara borrokatu zen legez eraturiko gobernu errepublikanoaren alde: Antequera Azpiri, joera politikoko karikaturak eta ilustrazioak eginez eta Ikerketa Militarraren Zerbitzuko Prentsa Bulegoan lan eginez, eta Alvarez Flores, euskal Milizia Antifaxistetan sartuz.
Gerra amaitzean biak atxilotu eta Madrilgo Conde de Toreno kartzelan sartu zituzten. Han, hainbat pintorerekin, musikarirekin, arkitektorekin, idazlerekin eta irakaslerekin batera egon ziren, eta haien erretratuak egin zituzten. Kasu batzuetan karikatura ere erabili zuten, zuten egoera ikaragarritik ihes egin nahian beharbada, umoreari tartetxo bat eginez. Batak bestearen erretratuak egin zituzten, baita idazle ezagunen bat edo besterenak ere —Antonio Buero Vallejorenak eta Miguel Hernandezenak, esaterako—.
Biek esperientzia asko partekatu zituzten, etaantzeko bizipen, joera eta zaletasunak izan zituzten, baina gainerako guztiak bezala heriotzak banandu eta desberdindu zituen bi sortzaile eta adiskideak. Alvarez Flores 1940ko uztailean fusilatu zuten eta Antequera Azpirik Cuellar (Segovia), Las Comendadoraseta Yeserias (biak Madrilgoak) kartzeletan zeharreko bideari ekin zion, 1943a arte, askatu zuten arte. Madrilen zendu zen, 1976an.
Margoa arnasa
Pedro Antequera Azpirik eta David Alvarez Floresek espetxean egindako lanak bildu ditu Koldo Mitxelena KulturuneakGerra osteko kartzeletan egindako erretratu eta karikaturek osatzen dute erakusketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu