Kontxu Odriozola

Maria Luisa baino gehiago

Kontxu Odriozola aktore azpeitiarra hil da. Antzerkian eta zineman aritu zen, baina 'Goenkale' telesailean egin zen ezagun, Maria Luisa Galardiren rolagatik.

Goenkaleko Maria Luisaren rolean gogoratuko dute askok Kontxu Odriozola aktorea. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Ainhoa Sarasola.
2016ko otsailaren 6a
09:40
Entzun

Urteetan, egunero, Euskal Herriko etxe askotako sukalderaino sartzen zen afalostean. Jenio biziz sarri, goxo beste askotan, senarraren eta semeen ibilerek kezkatuta hainbatetan, herrikideak larrutzen beste batzuetan... Ia familiakoa bihurtu zen etxe horietan, eta, horregatik, Maria Luisa Galardi ikusiko dute askok Kontxu Odriozola gogoratzean. Baina ezagun egin zuen Goenkale-ko pertsonaiatik harago, euskal antzerkian eta zineman ere arrastoa utzi du. Euskal aktoreen artean publikoak maitatuenetakoa izan dena atzo zendu zen, 70 urterekin, minbiziaren ondorioz.

[Youtube]http://youtu.be/NycHuVkEWIM[/Youtube]

Azpeitian (Gipuzkoa) jaio zen Odriozola, Eliz kalean, 1945eko San Fermin egunez. Azpeitiarra zuen aita, eta Urrestillakoa ama. Herriko eskolan hasi, eta Miserikordiakoan jarraitu zuen ikasten. Han egin zituen lehen antzezlanak, bere ibilbideari buruzko liburua osatzeko —Kontxu Odriozola, antzerkia bizitzaren edergarri, 2002—, Pako Aristiri kontatu zionez. Garai bertsuan, herriko talde amateurrek Luistarren lokal batean egiten zituzten entseguak. Hara maiz joaten zen aitarekin; izan ere, margolaria izanik, gazte haiei dekoratuekin-eta laguntzera joaten zen. Bazter batean, isilik egoten zen Odriozola, aktoreei beha. Han piztu zitzaion harra, antzerkirako nahia. Aitak lagundu zion zaletasun harekin; amak, ordea, ez zuen begi onez ikusten. «'Hori dana txorakeria da', esaten zuen. Debekatu inoiz ez zidan egin, baina haizerik eman ere sekula ez». Baina haurtzaroko garai haietan irudimenak eta jakin-minak gainezka egiten zioten, eta frankismopeko giro grisean, zinema, irratia, esku artera iristen zitzaion edozein testu... ihesbide zitzaizkion, baita antzerkia ere. 14 urterekin parte hartu zuen lehen aldiz obra batean.

Gaztetan, irakasle izateko ikasketak egin zituen, eta ikastoletan hasi zen lanean. Errenterian lehenik, Azpeitian gero —lehen ikastolako aurreneko andereñoetako bat izan zen—, eta Donostian geroago, 17 urtez jardun zuen irakasle. Imanol Zinkunegi errezildarrarekin ezkondua zen ordurako. Haur txikiekin aritzen zen, antzezten eta abesten. Donostiara aldatu ziren, eta Axular lizeoan aritu zen. Baina antzerkizaletasuna ez zitzaion batere apaldu urte haietan. Bikoizketa eskolak ere hartu zituen, eta haiek bukatzear zela jakin zuen Antzerti eskola irekitzekoak zirela. Erabakia ez zen samurra; soldata polita zuen, hiru seme-alaba, eta 36 urte. Haren ama ere etxean zuten. Eskolak aurrera jarraituko zuen ere ez zekien ziur. Baina ez zuen aukera galdu nahi izan, eta jauzia eman zuen. Lanpostua utzi, eta beka batekin sartu zen eskolara. Gazteagoak ziren kide gehienak, baina adinkide batzuk ere baziren han, gerora maiz lankide izan zituen Mikel Garmendia eta Arantxa Gurmendi, tartean. Goxoak zituen orduko oroitzapenak.

Hiru urte eman zituen eskolan, eta, pixkanaka, hainbat antzezlanetan hasi zen lanean. Troiarrak, Aspirina para dos, Pipin... Tragedia izan, komedia zein musikala, denetan aritzen zen gustura. Baina antzerkian beti izaten dira geldialdiak, eta, haietako bat baliatuta, langabezian zirela otu zitzaien Elena Irureta eta biei zerbait martxan jartzea. Erabateko arrakasta izan zuen Ama Begira Zazu-k, eta herriz herri ibili ziren biak, Mikel Garmendia eta Jose Ramon Soroizekin, Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean, obra eskaintzen. «Gogorra izan zen, baina hasieratik ikusi genuen funtzionatzen zuela, jendeak tripak botatzen zituela». 200 emanaldi baino gehiago egin zituzten.

Profesioko kideen aitortza

Zineman ere aritu zen, baina ez nahi adina, aitortzen zuenez. Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez filmean (1985) protagonista aritu zen, eta taldeko aktore gisa beste hainbatetan, La conquista de Albania (1983) eta Crónica de la Guerra Carlista (1998) lanetan, adibidez. Telmo Esnalen Urte berri on, amona! (2011) filmean jokatutako rolagatik ere gogoratuko dute askok.

Aktore ezaguna zena are ezagunago bilakatu zuen telebistak. Bai horixe (1986) eta Flamingo berria (1993) saioetan parte hartu ostean hasi zen lanean Goenkale telesailean. 14 urtez jardun zuen Arraldeko Maria Luisaren rolean; horrek nekatu egin zuela eta saioa bera ere asko aldatu zela esan zuen, uzteko erabakiaz galdetuta, 2008an egunkari honi eskainitako elkarrizketan: «Kalitateari ez zaio garrantzirik eman, eta horrek ukitu egin nau». Hiru arloetatik maiteen zuena izanik, ez telebistaren garaian ez gero, Odriozolak ez zion utzi antzerkia egiteari. Azken urteotako lanen artean daude Ezetz lepoa jarri (2005) eta Lapur-zuloa (2007).

Urteotan, hainbatetan egin diote aitortza haren lanari. 2005ean, omenaldi beroa jaso zuen Donostiako Kursaalean, Olentzero Begigorri jaialdian. 2010ean, lankideen eskutik jaso zuen gorazarrea, Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada saria eman baitzion.

Txikitan harrapatu zuen aktore senak ez zuen inoiz askatu. «Sendatuko banintz, paper txiki batzuk egingo nituzke», esan zion iragan abenduan Uztarria agerkariari. Ez da posible izan.

Ez da Odriozolaren aldeko hiletarik izango, baina antzerkigintza eta zinemako kideek hura omentzeko ekitaldia egingo dute aurki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.