Mariasun Landak 'Aitonaren txalupan' berreskuratu du

Idazleak duela 23 urte idatzitako lana berritu du, eta Eli Landak eginiko marrazkiak gehitu dizkio

Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Mariasun Landa idazleak 1998an argitaratu zuen aurreneko aldiz Aitonaren txalupan ipuina. Baita haren gaztelaniazko bertsioa ere (La barca de mi abuelo). Elkarrek eta La Galera argitaletxeak kaleratu zituzten euskarazko eta gaztelaniazko ipuinak, hurrenez hurren, Carlos Zabalaren ilustrazioekin. 23 urte geroago, A Fortiori argitaletxeak kaleratu du ipuina euskaraz eta gaztelaniaz, Familia guztien aldeko ipuinak bildumaren barruan. Bilduma horretako 13. liburua osatzen dute.Argitalpen berriko irudiak Eli Landak egin ditu.

Ipuinean Mariasun Landak heriotzaren gaia jorratzen du errealismoa eta samurtasuna elkar lotuz. «Heriotzaz hitz egitea oso zaila da, batez ere haurrekin, gure gizartean ez delako gaia naturaltasunez hartzen», azaldu du idazleak. «Hildakoaz oroitzen garen bitartean bizirik mantenduko dugu», gaineratu du. Ipuin horien helburua da haurrek uler dezatela beraiei gertatutakoa beste haur batzuek ere bizi dutela eta, era berean, badaudela bestelako egoerak eta horiek ere natural ezagutu behar dituztela.

Bi liburuak Donostiako Haur Liburutegi Nagusian (Fermin Calbeton kalea) aurkeztuko dira gaur jendaurrean, 18:30ean. Ekitaldia Peter Roberts mimoak hasiko du, eta jarraian Landak ipuinei buruz jardungo du.

Familia egoera askotarikoak

Bilboko argitaletxeak Familia guztien aldeko ipuinak bildumaren bitartez familia kontzeptua berriro zehaztearen aldeko apustua egin du. Haurren hezkuntzatik homofobia eta pentsamendu bakarra ekiditeko, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako ipuinak batu ditu. Bertan guraso homosexualak, haur adoptatuak, familia arraza-anitzak, guraso bakarrekoak, eta abar, agertzen dira. Familia ez tradizionaletan bizi diren umeek, haien sendia dramarik ezta trataera berezirik gabe ikus dezaten dute helburu ipuinek. Era berean, familia tradizionaleko umeak, beste errealitate batzuk ezagutuz aberastu daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.