Narrazio laburrez osatutako liburua argitaratu du Mariasun Landak (Errenteria, 1949), Pamiela argitaletxearen Kondagintza helduen literaturako narratiba sailean: Inurrien Hiztegia. Inurriak dira liburuko ipuin guztien protagonista, eta haien arteko gorabeherak gizakien arteko gorabeheren metaforak dira, umorez eta ironiaz emanak.
Ipuin guztiek hitz bat dute izenburu, eta alfabetikoki ordenatuta daude izenburuaren arabera, "hiztegi ez den hiztegia” osatuz, egileak berak liburuaren Inurriatzea hitzatzean dioenez.
"Erraz" irakurtzen diren arren benetan ulertzeko “gaitasun literario nahiko handia” eskatzen duten narrazioak dira liburukoak, Landak liburua aurkeztean esan duenez, eta horregatik argitaratu ditu helduen literaturako sail batean.
"Hiztegi ez den hiztegi honek testu azpian begiratzen duten irakurleak ditu gogoko, ahazten ez dutenak iceberg batean ikusten ez diren bederatzi atalak direla, ikusten ez badira ere, hura moldatu eta eusten dutenak", idatzi du Landak Inurriatzea-n. "Paradoxa, ironia edo satira arbuiatzen ez dituzten irakurleak. Barre-algara baino, irribarrea nahiago dutenak".