Liburu aurrerapena

Martutene

Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) datorren ostiralean aurkeztuko du Martutene eleberria (Erein), bere azken urteetako lanaren fruitua. Bi kontaketa batzen ditu bakarrean: Iñaki Abaitua ginekologoak egindakoa kapitulu bakoitietan; Julia itzultzaileak egindakoa bikoitietan. Pertsonaia batzuk, ordea, bi kontaketetan ageri dira, Martin izeneko idazlea eta Lynn izeneko soziologo estatubatuarra, adibidez. Funtsean, erruduntasuna eta emakumea dira, idazleak azaldu duenez, nobelaren gai nagusiak. Bigarren kapituluaren hasiera da honako pasarte hau.

2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Abaitua ez da sartzen Pilar bainugelan dagoela, atea zabal egonik ere. Hura bai, sartu izan da, atea osoki ixteko arreta hartzen ez badu behintzat. Ez daki portaera hori nola hartu, eta zernahi gisaz kontu bat agerikoa da behintzat: Pilar ez da gorputzaz ahalke, bananduta lo egiteak ez dirudi eraginik duenik bere aurrean ibiltzeko eran. Abaituak ordea egunean baino egunean urrunago eta arrotzago ikusten du, eta herabe da, hein batean, haren intimitatean sartzera.

Ez daki zenbat denbora daramaten gela desberdinetan lo egiten, hilabete bi gutxienez. Azkeneko liskarraren ondoren gauzatu zen egoera berria, eta Abaitua bera izan zen horretara iristeko bidea zabaldu zuena. «Hobe banatan lo egingo bagenu» esan zion hark irratia piztuta lo hartzeko mania aurpegiratu zion gau hartan, eta bi edo hiru krema poto, iratzargailua, bata eta ohemahai gainean zeukan liburua hartu eta ondoko gelara egin zuen hanka. Eragozten ahal zuen atetik, kremak, iratzargailua eta gainerakoak bi besoez bularraren kontra eusten zituela, hain era berezi hartan ohartarazi zuenean, ohe bana hartuz urruntzen ari zirela esan baitzuen. Eragotzi egin ziezaiokeen aldentzea, kremak, iratzargailua eta gainerakoak bi besoez bularraren kontra eusten zituela, atetik hain era berezi hartan ohartarazi zuenean, ohea bana hartuz urruntzen ari zirela esan baitzuen. «Urrunduta, banantzen ari gara» esan baitzuen. Ez da hitz ugarikoa Pilar. Horregatik eman dizkio hainbeste buelta bitxia iruditu zitzaion esaldi horri. Zera esan nahiko zuen noski: banatan lo egiteko erabaki horrekin, betirako ari zirela atzera batzeko aukerari atea ixten; izan ere elkarganatze gehienak ohea konpartitzeak errazten zuen gorputzen adierazpenetatik etorri ohi zirenez hitzaren medioz baino sarriago.

Baina berdin izan zitzaion orduan. Nekaturik baino haserre zegoen, atralaka bakoitzak, motiboa gorabehera, normalean huskeria izaten zen, urratu sakona sortzen baitzion barrenean, etsipen handia zekarkion, eta gero baino gero zailagoa egiten zitzaion lehengora itzultzea, konbentzitua zegoelako adiskidetu arren behaztopa egingo zutela harri berdinean berandu gabe. Nolanahi dela, damuka ibiltzeko indar kopuru jakin bat zeukala iruditzen zitzaion, stock mugatu bat harremana onbideratzeko, eta berea, Pilarrena bezala ziurrenik, ahitzen ari zela.

Lehen liskar horiek eta ondorengo urrunduek batzearen festa zuten helburu, elkar berrezagutu behar zutela deliberatzea, eta zentzu horretan oroimen xamurrenetakoak, kilikagarrienak, bakea egiten zutenetakoak ditu. Batzeko banandu. Azkenekoa Kontxako pasealekuan, ondo gogoan dauka. Orduan bera izan zen alde egin zuena, eta San Martin kalean jarri zen bizitzen, kontsulta pribatua utzi zuenetik libre zegoen orain semeak hartu duen apartamentuan. Egoera berrian, bananduta eta bakarrik bizitzen, ez zuen izaten lagunekin irteteko animorik, eta azkar aspertu zen bizimodu hark inposatzen zizkion gabeziez —liburuz betetako maleta bat eta barruko zuri gutxi batzuk besterik ez zituen eraman, kontsultako trastelekuan egokitutako sukaldean mikrouhinak besterik ez zuen funtzionatzen—, alegia, errefuxiatu bat bezala bizitzeaz, eta konturatu gabe ia Pilarrekin topo egin zezakeen inguruetan ibiltzeari eman zion, jakiteke harengana itzultzeko desioa zein neurritaraino baldintzatzen zuten intendentziako gorabeherek, bakarrik moldatu ezinak, maila psikologikoko mendekotasunen batek edo natura bereko desio posesiboak, ala, aitzitik, benaz eta zinez maite zuen. Kezkatzekoa zitzaion zalantza hori ez du oraindik konpondu. Alde batetik onartu behar zuen banandu ziren aldietan ihes egiten ziela lagunei, emakumeekiko interesa galtzen zuela — hurbilean laguntza eskaintzen ziotenak ere, amakeriaz bere iritziko, saihestu behar izaten zituen— eta ikaragarrizkoa zitzaiola Pilarren hustasuna. Batzuetan aldiz mesfidati zen sentimendu horietaz, oinarrian menpekotasun patologiko baten adierazpena zirela iruditzen zitzaion eta ikusteko grinari gogor egitea zegokiola, libre izaten ikastea, eta barregarria zela, negargarria ez bazen, nerabe bat bailitzan bestela bezala denbora galtzen ibiltzea topo egiteko asmoan. Hain justu horietako egun bat izan zen, Kontxan elkar ikusi zutenean. Erdiko pasealekutik zetorren, lurra harritxintxarrezkoa zen tokitik —gero terrazozkoaz aldatu zutena, praktikoagoa noski itsusi adina— tamarindo artean ezkutatu nahian bezala, haren ibilera bereziarekin, erdi harroa tentea delako, erdi nagia besoak zintzilik eraman ohi dituelako, orduan gupidagarria egin zitzaiona. Hilabete baino gehiago zeramaten bananduta eta kaixo esatea besterik ez zuten behar izan: eskutik heldu eta biek batera itzuli ziren etxera. Banantzea, bada, batzeko desira sentitu nahia zen, enkontrurako indarra hartzea. Pilarrentzat ere hala zelakoan zegoen, baina azken boladan susmoa du urruntzea urruntzeko dela ez abiada hartzeko, eta elkartzeko ezer ez egitea erabaki du, gauzei beren kabuz antolatzen uztea, amaiera nolakoa izango ote den jakin minez legokeen lekuko hutsa balitz moduan, eta ez alderdi inplikatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.