Azken urteetan nabarmen handitu da Nafarroan filmatutako pelikulen kopurua. Nafarroako Gobernuak eskainitako kenkari fiskalek bultzatuta, gero eta zinemagile gehiagok hautatu dute Nafarroa beren pelikulak bertan grabatzeko. Grabatzeko orduan, ordea, hutsune nabarmen bat zeukaten zinemagileek: barruko eszenak grabatzeko estudio edo plato baten falta. Hutsune hori betetzeko asmoz sortu dute Meliton estudioa. Gaur egin dute Nafarroako lehen zinema estudio profesionalaren aurkezpena jendaurrean.
Baztan bailaran kokatuta dago Meliton estudioa, Lekaroz herriko enpresa parkean, eta bi platok osatzen dute. Estudioak denera ia 1.000 metro karratuko eremua du, eta, platoez gain, bilera gelak, kamerinoak eta makillaje gelak ere baditu. Estudioaren bultzatzaileen hitzetan, filmatze bat hasieratik bukaerara egiteko lekua eskaintzen du estudioak.
Jendaurreko ekitaldian, zinema munduko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariez gain, Joseba Otondo Baztango alkatea ere izan da. Otondok eskerrak eman dizkio Nafarroako Gobernuari proiektua bultzatzeagatik: «Jarduera berritzailea da landa eremuan, eta etorkizuneko aukerak sortuko dituela uste dut». Meliton enpresarentzat ere esker oneko hitzak izan ditu.
Joakin Calderon Meliton estudioko kideak nabarmendu du dagoeneko hasiak direla ekoiztetxe ezberdinekin mintzatzen, eta aurreratu du datorren urte hasieran hasiko direla lehen produkzioak martxan. Calderonek nabarmendu duenez, instalazioak bertze ekoiztetxeei alokatzeaz gain, estudioan bertan tailerrak ere egingo dituzte. Datorren urtean, bertzeak bertze, Espainiako Goya sarietarako aukeratuta dagoen zinema zuzendari batek zine tailer bat egingo du.