LITERATURA

Mary Shelleyren 'Frankenstein' eta Elias Canettiren 'Mihi askea' argitaratu ditu Literatura Unibertsala bildumak

Iñigo Errastik itzuli du mito bihurtutako munstroaren istorioa, eta Ibon Uribarrik 1981eko Literaturako Nobel saridunaren biografiaren lehen zatia.

Igor Susaeta.
2014ko otsailaren 26a
16:21
Entzun

Canettik (1905-1994) 1977an kaleratutako Die Gerettete Zunge interesgarria da genero aldetik, Uribarriren iritziz, euskaraz ez dagoelako horrelako lan askorik. Pertsona gisa ere kontuan hartzekoa iruditzen zaio idazlea. Familia sefardi batean jaio zelako Bulgariako hiritxo batean, eta 18 urte bete bitartean Viena, Zurich eta Londresen bizi izan zelako. Itzultzaileak gaur Donostian egindako aurkezpenean jakinarazi duenez, "gaztelera zaharra" zen Canettiren ama hizkuntza. Baina alemanez argitaratzen zuen, eta jatorriz judua eta kulturalki sefardia izanagatik, II. Mundu Gerraren ondoren ere hizkuntza berean idazten jarraitu zuen, erbestera jo zuten Alemaniako beste idazle judu batzuek ez bezala. 16 urte bete zituen arte idazleak bizi izan zuena kontatzen du liburuak, eta, Uribarriren esanetan, interesgarria da giro eleaniztun horren deskribapena.

Errastik nabarmendu du liburuaren hitzaurrean ez dela zorakeria esatea gaur egun mundu guztiak ezagutzen duen mitoa dela Frankenstein, baina "jende gutxik" irakurri duela jatorriko liburua. Shelleyk 1818an kaleratu zuen hura (1797-1851), artean 21 urte besterik ez zuenean, eta hamahiru urte geroago plazaratu zuen hirugarren bertsioa, azkena izango zena, moldatua. Itzultzaileak badaki mitoa antzerkiak eta zinemak bihurtu dutela oso ezagun. Lehen bertsioan, esaterako, munstroa bazen mintzatzeko gai, baina "dramatizazio prozesu baten bidez", hitza kendu zioten, eta bai antzezlanetan eta bai zineman ere mutu agertu izan da. Pertsonaiak badu bilakaera bat, Errastiren ustez. "On egiten dute, baina dohakabe bihurtzen da gertatzen zaizkion gauzengatik". Eta hemeretzigarren mende hasierakoa izan arren, pentsatzen du zientziarekin eta horren aurrerapenekin eta arriskuekin zerikusia duen edozer dagoela lotuta mitoarekin. "Zoritxarrez, munstroaren eta zientzialari erdi-eroaren irudia besterik ez zaigu heldu".

Errasti itzultzailea da Bizkaiko Foru Aldundian, eta, gainera, hainbat literatur lan itzuli ditu. Harold PInterren obren antologia bat, esaterako (Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk), eta John Steinbecken Gizonak eta saguak (Of Mice and Men). Uribarri irakaslea da, eta ikertzailea da EHUko Itzulpengintza eta Interpretazio arloan, eta bai alemanetik eta bai japonietaik itzuli ditu literatur lanak. Horien artean daude, esaterako, Herta Mullerren Hatsaren kulunka, Thomas Bernharden Alferrikaldua eta Haruki Murakamiren Gauaren sakonean.

Literatura Unibertsala bildumako 159. eta 160. aleak dira Frankenstein eta Mihiaskea. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta EIZIE Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eta Igela eta Erein argitaletxeek editatutako bilduma da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.