Ez da gauza bera ura edalontzitik, pitxerretik edo kaikutik edatea. Ez bizitza arruntean. Ezta antzerkian ere. Ikusleari oso sentipen desberdinak sorrarazten zaizkio modu batean edo bestean izan. Urteak daramatza antzerkiaren munduan Iurgi Etxeberriak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1973). Kukubiltxo taldean sartu zen duela 20 urte inguru. Antzerkia ulertzeko modu bat ikasi zuen han 15 urtez. Besteak beste, antzerkia, emaitza soilik ez, prozesua ere badela ikasi zuen, jolasa eta esperimentazioa ere badela.
Apropox antzerki konpainia sortu berriko gidari da Etxeberria. Duela lau urte atseden hartu zuen Kukubiltxon zeraman jardunetik, lan eszedentzia bat tarteko, dituen hiru haurrak zaindu ahal izateko. Antzezteko grina ez zitzaion itzali, ordea, eta jarraitu zuen beste hainbat lagunekin batera elkartzen, «antzerkia ikertzen jarraitzeko, entseguak egiteko, jolasten jarraitzeko». Kukubiltxon zela, hainbat irakasleri ikasitakotik tiraka segitu zuen, antzerkia aztertuz, eta antzerkiarekin jolastuz.
Kukubiltxon aritzen zen maskarekin jolasean, haiekin lanean. Han ikasi zuen Etxeberriak esponja eta latexekoak egiten, edota beirazkoak. Bere kabuz entseatzen eta jolasten hasi, eta sasoi luze bat eman zuen Familie Flöz maskara sistema ikertzen. «Modu klasikoan» egiten hasi zen berriro, «paperez eta itsasgarriz». «Lehenengo buztinez egiten dugu nahi dugun aurpegia. Gero, buztin horri ateratzen diogu negatiboa, igeltsuan. Eta azkenik igeltsu molde horri papera eta itsasgarria gaineratzen diogu».
Inprobisatuz eta entseatuz materiala pilatu egin zuen Etxeberriak, eta hura erakusteko tenorea ailegatu zela erabaki zuen, esku artean antzezlan bat zuela. Eunon du izenburutzat antzezlanak. Urtarrilean estreinatu zuen lana, eta gaur Bergarako (Gipuzkoa) Zabalotegi antzokian emango du (22:00etan).
Drama eta komedia, areago
Ordubete inguruko antzezlana da Eunon, aktore batek (Iurgi Etxeberria) eta txotxongilo baten tekniko manipulatzaile batek (Juan Karlos Arraiza) osatzen dute lantaldea. 80ko hamarkadako ama-seme baten istorioa kontatzen du obrak. Semea gazte emantzipatu bat den arren, ama du atez ateko auzo laguna. «Lan honekin, harreman horren egunerokoan sortzen diren sentimendu eta egoerez trufatzen gara», dio Etxeberriak.
Maskaraz antzezten ditu Etxeberriak pertsonaiak. «Maskarek karikaturen traza dute, ez dute irudi erabat erreala ematen. Sudurrak handituta dauzkate. Aurpegiko keinua exajeratua dute, baina distantzia batera pertsona errealak eman dezakete. Ezin dute hitz egin, ez jan, ez edan, baina edozer gauza adierazteko gai dira, eta ikusleak ulertzen du adierazten duten guztia. Komikiaren munduarekin badu parekotasunik. Antzerki-komiki eta antzerki-drama moduko zerbait da Eunon».
Maskarak exajeratuak direnez, bai drama eta bai komedia areagotu egiten dira, «sentsazio guztiak areagotu egiten dira». Eszenografia, argiztapena, gidoiak, maskarak... dena dago taldeko kideen esku.
Antzerkia oholtzaren gainean geratzen den baino zerbait gehiago da Etxeberriaren hitzetan: «Agertoki gainekoa gertatzeko, aurretik lan handia egin behar da. Jendeak hori susma dezake, baina mundu ezezagun handi bat dago ikusten den horren atzean. Zer kontatu, nola kontatu, zer baliabideekin... eta antzezkizunera iritsi aurretik, entsegu, proba eta jolas ugari egin behar da...».
Maskara jolasa
Apropox antzerki konpainia sortu berriak 'Eunon' lana antzeztuko du gaur Bergarako Zabalotegi aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu