Musika

McCoy Tyner pianista hil da, jazzaren ikurretako bat

1960ko urteetan John Coltraneren laukote historikoko kide izan zen, eta bakarkako bidea ere urratu zuen gero. Bill Evans eta Thelonious Monkekin batera, jazzeko piano jotzaile garrantzitsuenetakoa izan zen. 81 urterekin hil da.

McCoy Tyner 2009ko argazki ban, Montreuxeko jazz jaialdian. DOMINIC FAVRE / EFE
Erredakzioa
2020ko martxoaren 7a
20:01
Entzun

Filadelfian (Pennsylvania, AEB) jaio zen Alfred McCoy Tyner, 1938. urtean. 13 urterekin hasi zen piano eskolak hartzen, eta 14 zituela erosi zioten gurasoek lehen pianoa, amak zeukan dendan kokatu zutena. Bere sorterriko orkestrekin lan egin zuen 1950eko hamarkadan; garai hartan, besteak beste, Kenney Dorhan, Jackie McLean eta Max Roach lagundu zituen taula gainean. Eta sorterrian ezagutu zuen John Coltrane saxofoi jotzailea ere, 1956an. Jazztet taldearekin zebilen orduan McCoy, Art Farmer eta Benny Golsonekin. Baina taldea utzi, eta saxofoi jotzailearen laukotera batu zen 1960an —biek ez ezik, Jimmy Garrisonek baxuan eta Elvin Jonesek baterian osatu zuten laukote hura—. Bost urte egin zituen taldean, eta, besteak beste, My Favorite Things (1960) eta A Love Supreme (1964) diskoetan parte hartu zuen. 

[YouTube]https://youtu.be/NWYWgda5f0I[/YouTube]

Laukotea utzi ostean, musikari ugarirekin aritu zen lanean. Bakarkako lanak berak sortutako taldeetako jardunarekin eta bestelako kolaborazioekin tartekatu zituen aurrerantzean, ibilbide luze eta oparoa eginez. Eta ibilbide horretan haziz joan bazen ere, hastapenetako estiloari leial izan zitzaion beti. Hori, eta bere birtuosismoa zein originaltasuna goraipatu izan dizkiote adituek, Bill Evans eta Thelonious Monkekin batera, jazz modernoan eragin handiena izan duen pianistatzat hartzeraino. Bere jotzeko moduak eta estiloak iraultza ekarri zioten garaiko jazzari, eta ondorengo pianistengan eragin handia izan zuela aitortu izan diote.

Blue Note zigiluarekin lau lan grabatu zituen 1967-1970 urteen artean, eta Milestone etxearekin beste hainbat plazaratu zituen hurrengo urteetan, tartean, Sahara (1972), Enligthenment (1973) eta y Fly With The Wind (1976). 1980eko hamarkadaren amaieran eta 1990koaren lehen urteetan beste hainbat lan kaleratu zituen Blue Noterekin —Revelations (1988) eta Soliloquy (1991), horien artean—. 2009an argitaratu zuen bere azken lana, zuzeneko grabazio bat. «Hitzak falta dira azaltzeko zeinen garrantzitsua izan zen eta den McCoy gure musikarentzat. Inoizko handienetako bat izan da», adierazi du Blue Note diskoetxeak, agur mezu moduan.

[YouTube]https://youtu.be/1P7mPNvwMYM[/YouTube]

Musikariaren familiak mezu labur bat argitaratu du, babesa agertu dieten guztiei eskerrak emateko. «Bere bizitza arteari, familiari eta espiritualtasunari eman zizkion musikaria izan zen. Haren musikak eta utzi duen guztiak inspirazio iturri izaten jarraituko dute bere zaleentzat eta etorkizuneko talentuentzat».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.