Mikel Azpiroz. Musikaria

«Megaprodukzioen kontra egin eta esentziara hurbildu nahi izan dugu»

Bost urtean hirugarren umea egin du Elkano Browning Cream egitasmoak. Filosofia ibiltaria sendotu, eta Mediterraneoko erritmo eta giroan jarri du begirada 'Bohemia' lan berrian.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Deprimitzeko mila arrazoi ditugu, baina zorionez, baditugu beste zenbait gauza, artea esaterako, eta musika bereziki, baltsamikoak direnak». Musikaren ardatz biziemaile hori ez du ahaztu Mikel Azpirozek (Donostia, 1971) Elkano Browning Creamen hirugarren diskoa sortzeko orduan. Hirukoaren osaketa aldatu egin da, baina filosofia bera da Bohemia lanean ere. Berak sorturiko Mamusik zigiluarekin kaleratu du, eta etzi eskainiko du lehen kontzertua, Donostian, Le Bukowskin (22:00etan). Apirilaren 6ra arte gelditu gabe arituko dira. Besteak beste, hiru kontzertu eskainiko dituzte Indian.

Zer moduz doaz larunbateko kontzerturako entseguak?

Entsegurik ez dugu egiten. Soinu froga egingo dugu egunean bertan. Bakoitza bere etxeko lanak eginda etorriko da. Etengabe jotzen ari diren musikariak dira, eta ohituta daude berehala txertatzera. Gero, biretan engranajea pixkanaka egiten joaten gara.

Diskoari erreparatuta atentzioa ematen duen lehen gauza, Matt Harding ez dela ageri, hasieratik kide izan duzuen arren. Bere bideari ekin dio?

Mattek pare bat urte egin zituen Donostian, baina gero Shanghaira joan zen, eta bi urte daramatza Txinan. Gauero klub batean jotzen du musika, eta oso loturik dago hartara. Haren lekua Dave Wilkinson gitarrista ingelesak hartu du. Bartzelonan bizi da. Zorte handia izan dugu berekin topo egitean, Elkanoren kontzeptura ederki egokitzen baita; bere hizkuntza propioarekin, baina oso ondo egiten du bat.

Nola egin duzue bat harekin?

Zori hutsez izan zen, Elkanoren filosofiarekin bat egiten duen modu batez. Bidaiatu egiten dugu batera eta bestera, eta horrelaxe elkar ezagutu genuen. Ez da izan bere bila ibili garela. Mattek alde egin zuenean ezagutu genuen gainera. Bartzelonan ezagutu nuen. Talde askorekin jo izan du, eta apur bat ezagutzen nuen lehenagotik. Bitxia da, Mattek bezala badauka bere egitasmo folk-countryagoa, gitarra fingerpicking teknikarekin joz eta abar. Eta, gainera, fisikoki ere badu Hardingen tankera, anglosaxoi itxura, ilehoria, altua... Iazko Donostiako Jazzaldian aritu ginen; Gari kantaria etorri zen gugana, eta Matt izango balitz bezala agurtu zuen.

Musikan ere badago aldaketarik. Jazz, funk eta blues lengoaiatik Mediterraneoko musikara egin duzue bidaia. Izaera bidazti hori islatzen du Bohemia izenburuak ere?

Bizitza bidaia bat da. Hango eta hemengo jendea ezagutzen duzu, eta jende horrek gauzak eragiten dizkizu, eta hori dena islatzen da musikan. Aldi honetan, formatua eta tinbrea aldatu egin ditugu. Organo, bateria eta gitarra elektrikoz osaturiko trio hori minimizatu egin dugu, edo esentziara eraman. Organoa melodika batekin ordezkatu dugu, hasieran haurrentzako jostailu modura sorturiko instrumentu hori, alegia, akordeoiaren eta harmonikaren tarteko bat, tekladuna. Oso tinbre polita dauka. Gitarra elektrikoa akustikoarekin ordezkatu dugu, eta Franck Mantegarik bateria jo beharrean perkusioa jo du. Hori hasi ginen egiten irrati saioetan zerbait akustikoagoa eskatzen zigutenean. Ondoren, zuzenekoetan proba egin genuen, eta jendeari gustatzen zitzaiola ikusirik, orain diskoa grabatu dugu.

Kaleko musikaren eta musikarien oihartzuna dakar diskoak.

Bai, polita iruditzen zitzaigun kaleko musikari horiei omenaldia egitea eta kaleko musikari horien filosofiara gerturatzea. Bat-bateko musika egitea, alde teknikoan oztopo gutxirekin, eta halaxe egin dugu.

Musikaren edukiaren aldetik, kutsu zingaro mediterranearrari heldu diozue.

Bai. Eskala horiek ez dira berriak Elkanon. Lehenengo diskoko aurreneko kantua ere horrelaxe hasten zen. Ukitu horiek beti asko gustatu izan zaizkit. Batez ere, Duke Ellingtonen Far East Suite diskoa entzun nuenetik. Disko horretan Blue Pepper izeneko abesti bat dago. Melodia orientalak musika afrikarrarekin uztartzen ditu. Kantu horren bertsio bat egin dugu diskoan; diskoa ixten duen kantua da.

Goran Bregovic eta Emir Kusturicaren musika nahiz filmen oihartzuna ere badakar diskoak.

Tira, bai, ikusi eta entzun ditut horiek ere, baina ez hainbeste. Gustatzen zaizkit, baina gurea zerbait soilagoa da, biluziagoa. Gure kantu hauetan erraz sar daitezke kontrabaxua, akordeoia eta beste zenbait musika tresna, baina hasieratik pentsatu genuen zerbait biluzia egin nahi genuela. Gaur egun ohiko diren megaprodukzioen kontrakoa egitea eta esentziara itzultzea nahi genuen. Bat-batekotasunera hurbiltzea.

Bakarren bati arraroa egingo zaio ingeles bat, paristar bat eta euskaldun bat mediterranear kutsuko disko bat osatzen aritzea. Globalizazioaren tasunak al dira horiek?

Bai. Disko honetan dagoen konposaketa ildoa mediterranearra dela esaten dugu, baina lehendik zabalduta dagoen musika mota bat da, eta gertuko egiten zaizkigu guri, italiar bati eta argentinar bati ere bai. Guk ez diogu mugarik jarri nahi musikari. Taldearen izaera multikulturalak definitu du gure ibilbidea.

Multikulturalismo horrek ez dezake ekar lekuan-lekuan entzuleak gertutasun falta sentitzea?

Guk ez dugu halakorik sentitu. Topikoa da esatea musika lengoaia unibertsala dela, baina guk hala bizi izan dugu. Txinan jo, Hego Amerikan jo, AEBetan jo edo Euskal Herrian jo, oso kultura desberdinetako gizarteetan jo, eta harrera antzekoa izaten da.

Musikarentzat ez ei dira garai onak, baina zuek batetik bestera zabiltzate gelditu ere egin gabe. Ausardia behar da horretarako?

Ez dira garai onak, ez... Baina nola egiten dugun? Bada, gogo handia jarriz eta oztopo ugari gogo horrekin gaindituz. Musikaz kanpoko gauza asko lotu behar dira, eta ekonomikoki ez da oso errentagarria, baina, bestelako kontuei garrantzia emanez gero, egin liteke aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.