Megaupload itxita, lurrikara bai, Interneten amaiera ez

Murrizketen gainetik, Interneten edukiak trukatzeko sistemak garatzen jarraituko dutela uste dute erabiltzaileekJabetza intelektualaren aurka jarduteagatik itxi dute Kim Schmitzek sorturiko ataria

gorka erostarbe leunda
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Lurrikara eragin du. Interneteko foroak eta guneak su bizian jarri ditu. Megaupload jada ez dago. Erabiltzaile ugari saiatuko dira datozen orduetan domeinua erabiltzen, baina itxura batean, denbora luze batez, bederen, ezinezko izango dute. Megauploadek, edukiak elkarrekin trukatzeko munduan gehien erabiltzen den webguneak, sei urte zeramatzan AEBetako Justizia Departamentuarenbegi xedean. Kim Schmitz webgunearen sortzaile alemaniarrak euren jarduerak ez duela legediaren aurka egiten esan izan du beti; baina Virginia estatuko epaimahai batek kontrakoa iritzita, FBIk webgunea itxi, lau pertsona atxilotu eta beste hiru atxilotzeko agindua eman zuen herenegun. Aucklanden (Zeelanda Berria) atxilotu zituzten Schmitz bera, Megaupload kudeatzen duen enpresaren jabea, Bram van der Kolko programatzaile herbeheretarra, Finn Batiato marketin arduraduna eta Mathias Ortmann arduradun teknikoa, biak ere alemaniarrak. Eslovakiar bat, estoniar bat eta alemaniar bat atxilotzeko agindua ere eman du FBIk.

Jabetza intelektualaren aurka jardutea leporatuta, Megauploadekin loturiko 18 domeinu itxi dituzte, eta 50 milioi dolarren balioa duten (309 milioi euro inguru) ondasunak atzeman dituzte. AEBetako gobernu iturrien arabera, Megauploadek 138 milioi eurotako irabaziak zituen eta 400 milioi eurotako galera eragiten zien edukien ekoizpen etxeei. AEBetan onartzear diren SOPA (Stop Online Piracy Act) legearekin zerikusirik ez duela adierazi dute AEBetako Justizia agintaritzatik, baina haren aurka Google eta Wikipediak itzalaldi erraldoia egin eta egun batera itxi dute Megaupload. Operazioaren aurkako ekintza modura, Anonymous pirata informatikoen taldeak AEBetako Justizia Departamenduaren, Universal Music ekoiztetxearen eta Zinema Elkartearen webgunea blokeatu zituen atzo denbora tarte batez.

Ez da izan azken urteetan pirateria informatikoaren aurkako izendapenarekin munduan egindako lehen operazioa. Makina bat egin dituzte lehen ere, bai AEBetan eta bai Europan ere. Iazko martxoaren 11n, esaterako, New Yorkeko Fiskaltzak filmak, musika, softwarea eta jokoak elkartrukatzeko erabiltzen zuten exvagos.es webgunea itxi zuen. Pare bat hilabete lehenago, urtarrilaren 11n, Herbehereetako Auzitegi batek The Pirate Bay webgunea blokeatzeko agindu zuen, aurretiaz Europako beste zenbait herrialdetan gertatu bezala. Artxiboak deskargatzeko eta elkarrekin trukatzeko gehien erabiltzen zen atarietako bat zen orduan.

Kultur industriaren ereduak

Eta aurrerantzean ere murrizketa eta itxierek jarraituko dute, sarean eta legeetan aditu diren gehienen arabera. Espainian, PPko Gobernuaren lehen erabakietako bat Sinde Legea onartzea izan zen, iazko abenduaren 31n, martxoan Auzitegi Nazionalak kanon digitala delakoa baliogabetu eta gero. Lege berriarekin webguneen itxiera kudeatzeko batzordeari funtzio gehiago eman zitzaizkion, eta, aurreko testuan ere ematen zitzaizkion bitartekaritza eta arbitraje lanez gain, «jabetza intelektualaren eskubidea babesteko ekimenak» ere abiatu ahal izango ditu batzordeak.

Murrizketak eta itxierak egongo diren arren, edukiak trukatzeko eta izateko sistemek aurrera jarraituko dutela uste dutenetakoa da Gorka Julio informatika ingeniaria eta BERRIAko kolaboratzailea. Julioren ustetan, Megauploaden negozio eredu eztabaidan jarri liteke, «baina kasu jakin batzuetatik haratago», gogoeta orokorrago bat egin beharra dago. «Kultur industria ulertzeko modu berria duen munduari eskarmentu bat eman nahi zian diote, eta horregatik egin dute Megauploaden aurka. Hala ere, Internetek beti sortuko ditu tresna berriak, eta hurrengo urratsa bitartekaririk gabe, edukiak elkarrekin trukatu ahal izatea izango da. Gainera, industria zaharrak besterik nahi duen arren, trukatzea ez dago negozioarekin gatazkan. Negozioa badago mundu honetan, baina egokitzea tokatzen da».

Sarean bestelakorik esan dutenak asko diren arren, Juliok ez du uste Interneten ziklo baten hasiera edo, are, amaiera esan nahi duenik Megauploaden itxierak. Horretan, bat egiten du Juliorekin Jorge Gimenez Bech Editoreen Elkarteko lehendakariak, baina arrazoi ugari direla medio. «Interneten ziklo baten aldaketa egon bazen, hori pirateriak eragin zuen». Megaupload itxi izanak ez du «batere kezkatzen» Gimenez Bech. Jabetza intelektualaren kontrako erasoak egoteak kezkatzen du. «Ez dakit aurrerabidea den halako atariak ixtea, baina pirateria atzerabidea dela garbi daukat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.