Itxuraz, XIX. mendean girotutako pelikula britainiar ugari horietako bat besterik ez da; James Ivoryren filmen antza hartzen ahal zaio. Baina estetikaz harago, bada zerbait diferente Hysteria honetan, lantzen duen gaia ez baita batere ohikoa. Izan ere, lehen bibragailu mekanikoaren asmatzea da Tanya Wexlerrek kontatu nahi izan duen istorioa. Garai viktoriarrean gertatu zen, baina orain arte nahiko kontu ezezaguna izan da.
1880. urtean, Joseph Mortimer Granville doktoreak Granville mailua izena zuen gailu bat patentatu zuen. Garai haietan emakume askok histeria delako gaitza zutela uste zuten medikuek, Ingalaterrako emakumeen laurdenek omen zuten; hala ere, medikuek ezin zuten zehaztu zerk eragiten zuen.
Dalrymple doktorea da horietako bat, emakume askok jotzen dute berarengana, hainbat sintoma dituztela: antsietatea, malenkolia, atsekabea... Horren kontra, Mortimerren gailua nahiko eraginkorra dela dirudi.
Elektrizitatearen bitartez funtzionatzen duten lehen asmakizunen aroa da, eta Mortimerrek berehala ikusiko du bere gailua elektriko bihurtzeko aukera. Hala, bibragailua sortu zen, orduko gizartearen eskandalurako, pertsona askoren gozamenerako.
Komedia giroan kontatu du hori guztia Tanya Wexlerrek. Jakin bazekien esku artean zuen gaia deserosoa izaten ahal zela, horregatik saiatu zen umore ukituekin arintzen. Horrez gain, ezinbesteko maitasun istorio batekin osatu nahi izan du filma.
'HYSTERIA'
Zuzendaria: Tanya Wexler.
Aktoreak: Hugh Dancy, Maggie Gyllenhaal, Jonathan Pryce, Sheridan Smith, Felicity Jones.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2012.
Iraupena: 115 minutu.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Mekanika eta medikuntza
Garai viktoriarreko aurkikuntza harrigarri bat da 'Hysteria' filmaren ardatz nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu