Ezagutu ahala, harridura gero eta handiagoa eragin zuten Martin Scorseseren azken proiektuaren xehetasunek. Haren jarraitzaile askok ezin zuten sinetsi entzuten edo irakurtzen ari zirena: gaztetxoentzako liburu bat pantailaratu behar duela? Eta 3D-ko teknika erabili behar duela? Nola da posible?
Orain mesfidantza hori guztia iraganeko kontua da. Hugo errealitate sendo bat da, AEBetan harrera ezin beroagoa egin diote Scorseseren azken filmari. Eta iragarritako guztia bete du, Brian Selznicken liburua egokitu, eta lehen aldiz bere filmografian hiru dimentsioen teknika erabili du. Beste behin ere, ezusterako gaitasun itzela duela erakutsi du zinemagile handiak.
Behin lehen sustoa pasatuta, Scorseseren jarraitzaile fidela ohartuko da Hugo bat datorrela orain arte egin duen lanarekin. Izan ere, zinemari egindako beste maitasun aldarrikapen bat pelikula berria; originala, izan ere. Gauza jakina da Martin Scorsese zinemazale handia dela, eta Europan egin diren pelikula klasikoak ezin hobekiago ezagutzen dituela. Eta, azken finean, Hugo-rekin bere jakinduria eta maitasuna uztartu ditu, George Meliesi omenaldi hunkigarri bat egiteko.
Magoaren fantasia
Mundua mundu denetik eta zinema zinema denetik, paraleloan bi autobide handi agertzen dira historiaren errepidean.
Lumiere anaiek kamera lantegiko atarian jarri eta bertatik ateratzen ari ziren langileak filmatu zituztenetik, errealitatea eta inguratzen gaituen mundua jasotzen saiatu da zinema. Flaherty, Vertov eta beste askok segitu zuten zirrikitu horretatik, eta gaur egun Herzog, Guerin, Varda, Farocki edo beste askok etengabe edertzen dute. Zinema dokumentalaren azpiatalean sailkatuta, urteetako bazterketa nozitu du, baina azken urteotan berriro halako loraldi txiki bat izan du.
Bigarren autobidea, berriz, askoz ere zabalagoa da, hor daudenek abiada bizian egin nahi dute aurrera. Lumieretarren esperimentu formalekin aspertuta, George Meliesek irudiekin jolasetara ekin zion, eta irudimena libre utzi. Horrela sortu zen fantasiaren zinema, zeina gure artean nagusitu den, hainbat molde narratibotan.
Istorioak kontatu eta ikuslea dibertitzea, askotan inguruari askorik erreparatu gabe. Hollywoodek bere egin zuen eredua, eta gaur egun ia bere hartanirauten du, aldaketa gutxirekin. Meliesen Le voyage dans la lune eta James Cameronen Avatar txanpon bereko bi aldeak dira, ehun urte baino gehiagoko aldeaz.
Beste ezeren gainetik, fantasiaren aldarrikatzailea izan zen George Melies, eta hori bereganatu nahi izan du Martin Scorsesek bere Hugo lanean. Azken urteak ahanzturan eman zituen zinemagile frantziarrak. Askotan gertatu ohi den bezala, berandu iritsi zitzaion bere ekarpen iraultzailearen ezagutza.
Zinema egiteaz gain, automatak eta erloju bitxiak egin zituen Meliesek. Hil zenean, museo batek hartu zituen, baina berehala zokoratuta gelditu ziren. Abiapuntu horretatik eraiki zuen bere liburua Brian Selznickek, eta handik tiraka, halaber, abiatu du Hugo Martin Scorsesek.
Hugo Parisko tren geltoki baten atzealdean bizi den haur umezurtz bat da; erlojuak konpontzen ditu. Halako batean, robot zahar bat aurkituko du. Hura konpontzen saiatu, eta abentura misteriotsu bat hasiko da. Izan ere, neska gazte baten bitartez robota egin duen pertsonarengana ailegatuko da. Modu horretan ezagutuko du George Melies.
Oscar sarietarako hautagai nagusien artean da Hugo, 11 izendapen baititu. Horien artean, pelikula eta zuzendari onenena daude. Dena den, The Artist-ekiko lehian, zaila du Hugo-k sari handiren bat eramatea. Jasotzekotan, Scorsesek berriro ere zuzendari onenarena jasotzen ahal du, 2006ko The Departed-ekin egin zuen moduan.
'HUGO'
Zuzendaria. Martin Scorsese.
Aktoreak. Asa Butterfield, Chloe Moretz, Ben Kingsley, Sacha Baron Cohen, Jude Law, Emily Mortimer, Michael Stuhlbarg, Ray Winstone, Christopher Lee.
Herrialdea. AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena. 127 minutu.
Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Melies, Scorsese etorri duk hitaz galdezka
Zuzendari ezagunak 3D teknika baliatu du 'Hugo' filmean, zinema fantastikoaren aitzindariaren omenezko laneanBrian Selznickek gazteentzat idatzitako liburu batean oinarritu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu