Memoria «apetatsua» aletuz

Mikel Hernandez Abaituak 'Azukre xehea, gatz larria' kronika liburu autobiografikoa plazaratu du

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Memoriak bere gutiziak eta bere trabak dituela gauza jakina da, nork bere erara oroitzen dituela iraganeko kontuak, alegia. Mikel Hernandez Abaituak (Gasteiz, 1959)memoriaren jukutria horiek gogoan izan ditu Azukre xehea, gatz larria (Alberdania) idazteko orduan. Ez du liburua alferrik hasi Joachim Fest idazle alemaniarraren honako aipu honekin: «Iragana irudimenezko museo bat da beti». Hala ere, memoria «apetatsua» dela onarturik ere, ahalik eta «modurik zintzoenean» idatzi ditu bere oroimenetik abiatutako oroitzapen autobiografiko-sentimentalak. Aurreko mendeko 70eko hamarkadan hasi eta mende honetako lehen urteetan bukatzen den «kronika sentimentala» idatzi du. Literatura, musika eta politika dira liburuaren hiru ardatz nagusiak, eta idazlea bera ezagutzeko balio izateaz gain, bizi izandakotik ari baita, urte horietan guztietan Euskal Herria nolakoa zen ezagutzeko aukera ematen du lan berriak.

Abaituak 1983an plazaratu zuen lehen literatur lana, Panpinen erreinua ipuin bilduma. Liburu horren bigarren ediziorako«epilogo autobiografiko sentimental bat» idatzi zuen. Inazio Mujika Iraola idazle eta Alberdaniako editoreak hura irakurri, gustagarri iruditu, eta hasiera hura aprobetxatuz epilogoa luzatu eta liburu bat idaztera animatu zuen. «Hasieran ez nuen proposamenaren helburua oso interesgarritzat jo, baina bien bitartean beste zenbait lagunek ere esan zidaten oso gustura leitu zutela eta azkenean baiezkoa eman nion», azaldu du liburuaren egileak. «Liburutxo honetan agertzen diren orrialde asko, epilogo horretatik atereak dira, beste batzuk, aldez aurretik argitaratu nituen zenbait artikulutatik, eta beste hainbat berriak dira».

Mikel Hernandez Abaituak idatziak dituen bi nobelak -Etorriko haiz nirekin? (1985) eta Ohe bat ozeanoaren erdian (2001)- «gogorrak» direla aitortzen du egileak berak. Bere kronika sentimentala «tonu atseginagoarekin» idazten saiatu da, ordea. «Ez nuen nahi gauza itsusiak kontatzerik, gehiago saiatu naiz gauza atseginak azaltzen. Hala ere, azkenean, kontu politikoetan gauza triste batzuk ere agertu zitzaizkidan». Izenburuak ere bizitzaren gazi gozoei egiten die aipamena: «Gozoetan gehiago sakondu dut, eta horregatik xehea hori, eta gaziak azalagotik joan dira».

80ko hamarkada bereziki mugitua izan zen bai politikaren ikuspegitik eta bai kulturarenetik. Liburuaren corpus nagusia hamarkada horretan osatu du Abaituak: «Hamarkada horretako kontuekin hasi nintzen, eta gerora idatzi nituen lehenago eta ondorengoak». Besteak beste, Abaituak gogoratzen du ETA politiko-militarrak bere osaba bahitu zuenekoa, Zeruko Argia, Oh! Euzkadi eta Susa aldizkariak bertatik bertara ezagutu zituenekoak, edota hainbat idazlerekin izandako kontu eta harremanak: Josu Landa, Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Ramon Etxezarreta, Anjel Lertxundi, Xabier Montoia...

Autobiografia bat sekula idatziko ez zuela pentsatzen zuen garai batean Abaituak. Azkenean idatzi du, baina bere «kontu intimoak» ez ditu askorik xehetu.Abaituak dio euskal letretan autobiografia gutxi egin direla eta egin direnean gaztelaniaz egin izan dituztela. «Mario Onaindiak eta Mariasun Landak erdarara jo zuten. Distantzia hartzeko nahia egon liteke horren atzean», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.