Gerrak, bere gordinean, oso testuinguru interesgarriak dira istorioak eta pertsonaiak eraikitzeko Jose Inazio Basterretxea Polorentzat (Galdakao, Bizkaia, 1959). Horregatik, Mandatariaren gerra-n (2006) egin bezala, 1936ko gerrako urteetan kokatu du bere hirugarren nobela ere, Azken tranbiaren itzala (Elkar). Gertakari historiko labur bat hartu, eta fikzioarekin osatu du, besteak beste, «etxean entzundakoen gainean eraikitako ametsekin». Liburua idaztean ez duela «historiarekin bakeak egiteko zeregina» bere gain hartu dio kazetari, irakasle eta idazleak. «Nik ez dut historia egiten; historia niretzako erreferente bat da hemen, jokaleku bat. Kontatzen denak, alderdi historikotik, segundo batzuk baino ez ditu hartzen, eta gainerakoa eraikia da».
Istorio «hurbil» bat idaztea izan da Basterretxearen asmoa; hurbila, denbora kronologikoari dagokionean, baita «denbora mentalari» dagokionean ere. «Azken hori subjektiboagoa da. Gerra zibila hurbil dago, ez bakarrik orain zazpi hamarkada gertatu zelako, ez bada gerra zibilari buruz hitz egiten dugulako gaur egun ere». Memoria historikoa berreskuratzeaz hitz egiten denean, arlo juridikotik, justiziaren ikuspegitik edo alderdi politikotik egiten dela dio Basterretxeak. «Memoria historikoaren berreskuratze literarioa da aldarrikatzen dudana».
Istorioa 1936ko gerrako urteetan bai, baina ez du lubakietan kokatu idazleak. «Ez da fronteko gerra bat kontatzen dudana, atzeragoardian zentratutako kontakizuna baizik; ez dira guda-oinean dauden protagonistak, baizik eta familia bat; nire protagonistek ez dute tiroa saihestu behar, bizitza saihestu behar dute». Eleberriko pertsonaiak ez direla gerora monumentuetan irudikatuko dituzten figura epiko horien gisakoak azaldu du Basterretxeak; marmolezkoak izan beharrean, «buztinezkoak» dira.
Pertsonaia horiek bi multzotan sailkatu ahal dira: gerra galdu dutenak, eta gerra irabazten ari direnak. Galtzaileen artean dago familia abertzale apal bat, «gerraren gurpila gainetik» pasa zaiona. «Gerra ostea eta erredentzio frankista da familia horretan ikusten duguna; behartutako lanak, militarizazioa...». Beste multzoan, irabazleenean, brigada frankista bateko kideak daude, eta gerrari lotutako eginkizun bat medio, Frantziara egiten duten bidaia kontatzen da.
Bi dira pertsonaiek egiten dituzte bidaiak ere: kanpo bidaia, batetik, Frantziara edo espetxera eramaten dituena; eta barne bidaia, bestetik, «zitalkeria deskribatzen duen ibilbide bat, baina aldi berean itxaropena ere hor duena».
Halabeharraren eraginaz
Nobelari adjektibo bat jartzekotan, homozentrikoa hitza aukeratuko luke Basterretxeak, liburuko bi istorio nagusiak, ezberdinak izanik ere, «zentro berari begira» daudelako. Bai kontakizunak bai protagonistak hainbat unetan elkarrengandik urrun badaude ere, pixkanaka bat egiten joango dira. «Ez da konfluentzia bat; istorio bakoitzak badu zentro bat, halabehar bat, eta biek konpartitzen dute halabeharraren ideia hori».
Hain zuzen, halabeharrari buruzko bere sentipenak islatu ditu eleberrian, saihestezina den zerbaiten gisan, pertsonaia guztiengan eragin nabarmena duelako. Horri buruzko gogoeta proposatzen dio idazleak irakurleari.
«Memoria historikoaren berreskuratze literarioa da aldarrikatzen dudana»
1936ko gerrako urteetan girotu du Jose Inazio Basterretxea Polok 'Azken tranbiaren itzala' hirugarren eleberria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu