Memoriarako botika

Robert Watersek sendabelarrak landatu ditu Artiumen, 36ko gerran hildakoen hobietako lurra erabiliz

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Memoria berreskuratu eta indartzeko gune bat eskaintzen du Artiumek atzoz geroztik, memoriaren alde fisikoan zein metaforikoan dauden hutsuneak bete ahal izateko baliogarria dena. Hori daRobert Watersek (Londres, 1974) Gasteizen jarri duen uncover RECOVER erakusketaren oinarria. 36ko gerran eta diktaduran hildako pertsonen hobi komunetako lurra erabiliz, dozenaka sendabelar landatu ditu, memoria indartzeko gai diren landareak, besteak beste. Martxoaren 14ra artezabalik egongo da erakusketa, Iparra aretoan, Praxis egitasmoaren barruan.

«Lehen hobia 2000. urtean ireki zela jakiteak harritu ninduen, Franco hil eta hogeita bost urte igaro baitira», azaldu du Watersek, egitasmoaren zergatiaz galdetuta. Proiektua aurrera eraman ahal izateko Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetza izan zuen hasieratik. Watersek Oteitzako (Nafarroa) hobi bateko lanetan lagundu zien Aranzadiko adituei, bertan hartu zuen lur, eta ordutik gaia ikertzen aritu da.

Memoria historikoa gogorarazteko ahalegina egiteaz gain, «bizitzaren zikloan» sakontzeko helburua du Watersek. Walt Whitmanen Leaves of Grass (Belar hostoak) liburua erreferentziatzat hartu zuen Watersek erakusketa egiteko orduan. Aldaketa, bilakaera, gauza guztiek beste zerbait bihurtzeko duten aukera. «Gerrari buruz pentsatzen dudanean, hil diren pertsona gazteak gogora ekartzeak ematen dit minik handiena; haien bizia alferrik galdutako zerbait izan ez zedin, haien hobietako lurrean zerbait landatzea bururatu zitzaidan, erabili dezakegun zerbait».

Erakusketa bitan banatuta dago. Itxarongela batean sartzen da bisitaria hasieran. Estresa gutxitzeko baliogarriak diren elementuekin atondu dute gela, hainbat ikerketa oinarri hartuta: uraren soinua, landareak, argiztapena, Artiumen bildumako artelan batzuk... Erakusketaren dokumentazioa irakurtzeko parada eskaintzen du txokoak, memoria historikoarekin edota sendabelarrekin lotutako bestelako testuak baitaude.

Itxaron gelaren atzealdean, erakusketaren bigarren gelan, ernatu berri diren dozenaka landare daude: erromeroa, kardua, kamamila, txikoria, baratxuria...Hazitegi bakoitzak fitxa bat du ondoan, landareari buruzko informazio guztiarekin. Ezaugarri fisikoak, sendabelar gisa dituen erabilpenak eta ezaugarriak, prestatzeko moduak...

Bilakaera duen erakusketa

Erakusketa bukatu gabe dagoela ematen du, ordea. Hazitegi batzuetako fitxak falta dira, gelaren bukaeran lan egiteko mahai baten gainean lur gehiago dago... Hain zuzen ere, erakusketaren azken egunera arte artistak bertan jarraituko du lanean, hara joaten diren bisitariekin elkarlanean. «Oinarritzat hartu dudan sendabelar liburuan ez zeuden landare batzuk jarri ditut, eta horien fitxak marraztuko ditut, ureztatze lanaz gain», azaldu du.

Bisitariekin izango duen lotura erakusketa baino harago joateko helburua du uncover RECOVER-ek. Landare bat adoptatu lelopean, landare bat aukeratu eta horren azterketa egiteko aukera eskaintzen zaio bisitariari, eta, erakusketa bukatzen denean, etxera eraman ahal izango du. «Espero dut ordurako bizirik irautea; ez naiz lorezaina», argitu du irribarretsu Watersek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.