Larunbatean eman zuen azken hatsa Joxe Mari Soraluze Balentziaga Epelde soinu jotzaileak, baina atzo zabaldu zuen berria Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Haren hileta elizkizunak atzo arratsaldean egin zituzten, Azkoitiko parrokian (Gipuzkoa).
Ia mende bateko bizitza izan zuen Epeldek, eta mende bat ez, baina 80 urtetik gora igaro zituen soinu txikiari helduta. Xabier Gantzarain idazleak Epelde, mende baten soinua izenburua erabili zuen hari buruzko biografia liburuan. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak argitaratu zuen, 2004an. Soinu hori isildu da betiko, baina haren oihartzunak jarraituko du bizirik.
Azkoitiko Martirieta auzoko Munoa baserrian jaio zen Jose Mari Soraluze Epelde, 1914an. Auzo horretako baserri gehienetan zegoen soinu jotzaileren bat, eta ezin harritu, hortaz, Epelde gazteak ere soinua jotzeko irrika izatea. Familiatik zetorkion musikarako zaletasuna, aita eta aitonakdultzaineroak zituen, baina berak soinu txikia aukeratu zuen. «Lehenengoa 16 urterekin hartu nuen, eta gero, 18 urterekin berria, Larrinagak eginda. 60 duron zegoen korrientea. Eta 70 duron pixka bat hobea, enkarguz egina. Hala eragin genion soinua Larrinagari», kontatzen du biografia liburuko pasarte batean.
Baserriko lanak uzten zionean jotzen zuen soinua gazte zelarik. «Ez nuen egunero jotzen. Neguan gehiago, lan gutxi zegoen eta», kontatu zion Ainara Gorostitzu kazetariari BERRIArako egindako elkarrizketan. 36ko gerra etorri zenean soinua jo gabe denbora luzea egin zuen. Faxistekin egin zuen gerra Epeldek. Gerrak oroitzapen gogorrak ez ezik, gorputzean ere markak utzi zizkion, hiru bala jaso baitzuen, sorbaldan, gibel aldean eta oinean. Baimenarekin etxean zela, ez bueltatzea erabaki zuen: hanka erre zuen: «Gerra oso gogorra da».
Debekuei aurre egin
Gerratik etorri eta berehala hartu zuen berriro soinua. Epelde baserriko Joxepa Balentziagarekin ezkondu zen, 1942ko urtarrilaren 31n, eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Seme-alabak hezi beharrak ez zuen soinua jotzetik aldendu, eta frankismoaren garai gogorrenean, eta Azkoitia herri katoliko integrista izanagatik, jakin zuen debeku guztien gainetik, edo azpitik, trikitiaren soinua bazterretara zabaltzen. Azpeitian eta Azkoitian baino gehiago mendialdeko auzoetan egiten zituzten erromeriak. «Hara ez ziren debekuak iristen».
Hiru semeek egin zuten ahalegina soinuarekin, baina bakarra irten zen trikitilari: «Nik uste ez nuena irten zen jotzaile», zioen, Tomasengatik. Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa irabazi zuen Tomas Epeldek Luziano anaia pandero jotzaile zuela, 1972an. Hirugarren txapelketa zen. Aita bigarren geratu zen, Egurrolarekin, bere ohiko pandero jotzailearekin.
1979ko txapelketakoa da Epelde eta Egurrolaren grabazio bakarretako bat. Erromeria, jai eta txapelketetan sarri ibili izanagatik, sekula ez zuten diskorik grabatu. «Ez ginen atrebitu», zioen trikitilariak. Erromerietan ibiltzeari lehenago utzi bazion ere, 80 urterekin laga zuen soinua Epeldek. Beste asko bizi izan zituen soinua jo gabe, baina haren xarmak harrapaturik oraindik.
Mende bateko soinua isildu da
Joxe Mari Soraluze 'Epelde' zendu da, frankismo garaiko debekuak saihestu zituen trikitilaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu