Katuajeak

Mende erdi

Lorea Agirre.
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Mende erdi bete berri da euskarazko lehen ipuin modernoa argitaratu zela. Caracasen plazaratu zen, 1961eko urtarrilean. Egilea, erbesteratutako idazle bat. Gaia, mende laurden lehenago jazo zen gerra zibila. Mende erdi lehen ipuin modernoa iritsi zela gure letretara, eta mende erdi, gerra zibilaren gaia lehenengoz ekarri zela gure literaturara. Mende erdi gehiago pasa beharko zen liburua Euskal Herrian argitaratua izateko.

Bost ipuin luzetxo jasotzen dituen bilduma bat da. Bostek gerra zibilean eta ondorengo urteetan kokatzen diren historiak dituzte ardatz. Guztiak galtzaileen begietatik kontatuak daude. Lehen ipuinak egilearen beraren benetako bizipenak jasotzen ditu: gerra lehertu zenean, hamabost urteko gaztetxoa zen, eskopeta xume bat hartuta gudariekin gerrara joateko adina heldu, baina gerran hiltzeko umeegi. Bere jaioterrira, Andoainera, nazionalak iristear zirela, idazleak eta bere familiak hasi behar izan zuen ihesaldiaren hastapenak kontatzen ditu lehen ipuin horretan. Mende laurden iraun zuen ihesaldia hark, harik eta bizirik geratu ziren senideak berriro Euskal Herrian elkartu ahal izan zuten arte.

Estilo zuzen, deskriptibo eta apaingarririk gabea erabiltzen du, kasik periodistikoa. Ez alferrikkazetari handi eta ezagutua zen ordurako idazlea, eta bazekien gertaera erreal izugarrienak ez duela adjektiborik behar. Gertaera beroegia denean hoztasunez idatzi behar dela. Gerraren lehen egun horiek xehetasunez kontatzen ditu. Gertatu zireneko leku, etxe eta kaleak ondo identifikatuz. Berdin jendeak. Izen eta abizen. Hildakoak eta hiltzaileak. Gizerailtza du izena ipuinak. Tituluak berak argitzen du kasik ondoren kontatuko dena. Ipuin bildumaren izenak bezain beste: Hiltzaileak.Egilea, Martin Ugalde. Kazetari, idazle eta politikari abertzale eta euskaltzalea. Gure historian ezinbestekoa.

Geroztik, hezurrak lurretik azaleratzen, gorpuzkinei analisi genetikoak egiten, eta han eta hemengo lekukoen hil aurreko testigantzak jasotzen segitzen dugu. Denboraren kontra. Herriz herri. Leku, etxe eta kale izenekin gertaera historikoei dagokien kartografia eraikitzen. Hildakoak nortzuk diren identifikatzen. Memoria historikoaren berreskurapenerako taldeek dioten legez, izen guztiak aurpegi guztiak argitara ematen. Hildakoenak.

Leku, etxe eta kale horietan oraindik ere ehunka dira Frankismoaren ikurrak. Uztarria eta geziak, esaterako. Non ez oraindik ere. Atzo onartu zuen legebiltzarrak ikur frankistak kentzen hastea, legea berez orain lau urtetatik indarrean badago ere. Berandu, oso berandu.

Hildakoak hil ziren. Hiltzaileak ere bai, asko eta asko. Berandu bada ere, inoiz hasiko al gara dagoeneko ezagutzen diren hiltzaileen izen guztiak eta aurpegi guztiak argitara ekartzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.