Mende oso bateko aldeaz

SGAEren Max sarien euskarazko hautagaietako bat Alfredo Etxabe da, 'Mirentxu' operaren libretoagatik. 1910ean idatzitako lana da, baina.

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Sarri askotan hil ondotik jasotzen dute omena sortzaileek. Artean, bizirik daudela, beren lana ez da behar den bezala estimatua izaten. Ondorioz, ez da guztiz arraroa hil ondoko omenaldiak egitea. Ordea, sariak ematea gauza bitxiagoa da, eta are deigarriagoa saritzen den lana duela mende bat sortua bada. Asteon jakinarazi ditu SGAEk Arte Eszenikoen Espainiako Max sarietarako euskarazko hautagaiak, eta Alfredo Etxabe da horietako bat, Jesus Guridiren Mirentxu zarzuelaren libretoagatik. Joan den urtean estreinaturiko edo berrestreinaturiko lanak eta horien egileak lehiatzen dira sari horietan, oinarrietan jasota dagoenez. Euskarazko ataleko beste hautagaiak Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurraga eta Jon Urraza dira, Aitarekin bidaian eta Bestela ondo, ezta?lanengatik, hurrenez hurren.

Etxabek, alabaina, 1910ean idatzi zuen Mirentxu zarzuelaren argumentua. Eta, gutxien-gutxienez, atentzioa ematen du haren hautagaitzak.Bilboko Arriaga antzokiak iaz ekoitzitako Mirentxu-rengatik etorri zaio izendapena, baina Emilio Sagik zuzendutako moldaketa ez zuten Etxaberen libretoarekin egin, Jesus Maria Arozamenak ondoren idatzitakoarekin baizik. Horrenbestez, SGAEk Arriagako ekoizpena kontuan hartu badu, Etxabe barik Arozamena proposatu beharko luke hautagai. Eta, horrela izanda ere, arraro samarra litzateke Arozamenaren hautagaitza, gaurko testu eta egileak saritu ohi dituelako SGAEk, Max sarien helburua «egungo arte eszenikoak eta sortzaileak sustatzea» denez.

Hautagaiak erabakitzeko eginkizuna «SGAEko eta SGAEko Autor fundazioko kideek eta sektoreko profesionalek» dutela azaldu dio BERRIAri egile eskubideaz arduratzen den elkarte horretakoHego Euskal Herriko komunikazio arduradunak. Zehazki, zein profesionalek eman duten botoa ez du argitu. «Pila batek», esan du.

Arozamena hautagai?

Guridik 1910ean estreinatu zuen Mirentxu, gaur egun SGAEren egoitza den Bilboko Campos antzokian. Ordea, Guridik ez zion inoiz obra berraztertzeari utzi, bost bertsio osatzeraino. Arozamena ezagutzean, libretoa egin zezan eskatu zion.

Arriagako bertsioa Arozamenaren testuarekin ondu zutela ez zekien SGAEko ordezkariak. «Hala bada, okerreko informazioa jaso dugu, eta zuzendu egin beharko dugu. Sarituz gero, Etxaberen testuaren moldaketa sarituko litzateke, Arozamenarena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.