Mendian edo mendizaletasunean girotu eta oinarrituriko hamar ipuin bildu ditu Aingeru Epaltzak Mendi-joak (Elkar) ipuin liburu berrian. Mendizalea da Epaltza bera, mendizaletasuna "ia obsesiboki" bizi duena. "Hala ere, nik literatura ez dut ulertzen gatazkarik gabe, eta egungo gizartearen arazoak azaltzeko mendizaletasuna egokia dela iruditzen zitzaidan, mendizaletasunaren bidez azal baitaitezke kontsumismoa, elkartasun eza, matxismoa, nagusikeria, enpatia falta...". Mendizaletasuna bera izan liteke "patologia bat", idazlearen hiztetan. "Zaletasuna bihur liteke obsesio. Eta nik ere obsesio hori bizi dut"
Ipuinetako asko kokatu ditu bere mendigune gogokoenetan, Aralar-Malloetan, Nafarroako nahiz Frantziako Pirineoetan, eta Marokoko Atlasetan. Ipuin bakarra kokatu du inoiz egon gabeko mendi batean, Kilimanjaron, hain zuzen ere. Gisa guztietako ipuinak idatzi ditu. Badira nobela txiki baten luzera izan dezaketenak, 50 orri ingurukoak, eta badira 10 orritara iristen ez direnak ere. Lehen pertsonan idatzitakoak, hirugarren pertsonan onduak eta baita bigarren pertsonan osatuak ere. "Beldur nintzen protagonista gehienek nire antza handiegia izango ote zuten, hau da, 60 urte ingurura hurbiltzen ari den gizon batena, zeinak bikotea duen eta guraso den. Horregatik, bestelako pertsonaiak ere eraiki nituen, emakumezkoak eta baita haurren bat ere".
Erdi-Aroan kokaturiko trilogia idatzi ondoren "desintoxikatu" beharra zuen Epaltzak. "Horretarako mendirako joera berreskuratu eta idatzi egin dut. Eta idatzi dut oso bestelako tonuan. Hizkera ere desberdina da".