Aktorea, zinemagilea eta antzerki zuzendaria zen Juliano Mer-Khamis. Palestinarra, Israelgo hiritarra eta judua. Horrelako nahasketarekin ezinezkoa izango litzaioke Palestinako gatazkarekin axolagabe agertzea, eta ez zuen inoiz arduragabe jokatu.
Proiektu ugari bultzatu zituen Mer-Khamisek lurralde okupatuetan eta Israelen, betiere, artearen inguruan zuen ikuspegi propioa ezarriz. Dena den, haren egitasmo kutunena Janinen zegoen.
Askatasunaren Antzerkia 2006an jarri zuen martxan, bigarren intifadaren indarkeria gogorki sufritu zuen Janingo iheslarien gunean. Garai hartan berreraikitze prozesuan zegoen lekua, 2002an Israelgo armadak zati handi bat suntsitu ostean. Biolentziaren traumak gainditzeko, sormenean eta artean oinarrituriko proiektua abiarazi zuen gaztetxoentzat. Hala, haren amak, Arna Meir Israelgo aktibista ezagunak, lehen intifadaren ondoan hasitako hezkuntza eta kultura egitasmoari jarraitutasuna eman nahi izan zion. Gerora, amak Janingo gazteen alde egindako lana Arna's Children (2004) filmean bildu zuen.
Haren «iraultza artiskoa», ordea, «probokazioa», «errespetu falta» eta «irain» gisa definitu ohi zen. Apirilaren 4an eraso fisiko bilakatu ziren kritikak, eta tiroz hil zuten antzerkiaren kanpoaldean.Hilketa ez du inork hartu bere gain.
Karismatikoa eta polemikoa zen Mer-Khamis, eta, horregatik, haren inguruko muturreko iritziak entzuten dira egunotan Janinen. Bere ikasleek eta lankideek, aldiz, samurtasunez gogoratzen dute, iraganean hitz egitera etsi gabe.
Ikuspegi probokatzailea
Duela hiru urte hurbildu zen M'omen Swtat lehen aldiz Askatasunaren Antzerkira, hain zuzen ere, Julianok zuzendutako Arna's Children (2004) filma ikusi ostean. «Gerora erailak izan ziren bi lehengusu ikusi nituen pelikulan, eta zirrara ikaragarria eragin zidan», gogora ekarri du. «Garai hartan, Janingo beste hainbat gaztek bezala, Israelgo soldaduei arrokak botatzen, armekin jolasten eta drogak hartzen pasatzen nuen eguna».
Julianorekin izandako lehen elkarrizketa gogoan dauka Swtatek: «Antzerkia ikasi eta aktore bilakatu nahi nuela esan nion, eta berehala proposatu zidan antzerkiko proiektuetan parte hartzea eta bere interpretazio klaseetara joatea».
Dena den, Mer-Khamisen filosofiara eta lan dinamikara ohitzea ez zitzaion erraza suertatu. «Arte adierazpena, iraultzaren giltza moduan» aldarrikatzeaz batera, «etengabeko probokazioa» eragiten zuen zuzendariak, antzerkirako moldatzen zituen antzezlanetan. Swtatek gogoan ditu Animal Farm, Men in the Sun eta Fragments of Palestine obretan lan egin ostean sortu zen polemika. «Neskak eta mutilak batzen gintuen agertokian, edozein erlijioren edota tradizioen sinbolo sakratuekin apurtuz, eta ez zuen gehiengoaren onespena bilatzen». Probokazioa eta esperimentazioa, antzerkiaren esentzia gisa definitzen zituen Mer-Khamisek. Hizkuntza apurtzaile horren ondorioz etsaiak nonahi zituen, batez ere iheslarien guneko eta hiriko sektore kontserbadoreetan.
Swtaten aburuz, duela hilabete inguru aurkeztu zuten Alice in Wonderland obraren moldaketagatik erail zuten Mer-Khamis. Egokitzapenean, iheslarien gunean bizi den neskato ameslaria da Alice, baina komunitateak bere askatasuna mugatu nahi du, ezkondu dadin eta haurrak izan ditzan. Alice, ordea, Lurralde Miresgarrira iritsiko da, eta sexua izateko, maitatzeko, dantzatzeko eta solasteko askatasuna probatuko ditu.
«Erlijioak pisu handia du Janingo eguneroko bizitzan, eta jendeak ez zuen bertsioaren benetako esanahia ulertu nahi izan. Probokazio hutsa zela kritikatu zuten askok», hausnartu du Mustafa Staiti antzerkiko kamerariak. Hala ere, ez dator bat Swtaten iritziarekin: «Antzezpenaren ostean inoiz baino gogorrago salatu gintuzten, baina Juliano bere curriculum guztiagatik erail zuten, ez obra konkretu baten eraginez».
Askatasunaren aldarrikapena
Independentziaren etengabeko aldarrikapena izan zen, bete-betean, Mer-Khamisen itsumen handiena, eta bere antzerkian esparru guztietara zabaldu zuen ideia. «Aktore bakarrik ez, askatasunaren aldeko borrokalariak bilakatu gintuen», nabarmendu du Swtatek.
Antzerkiko kideen iritziz, Mer-Khamis zen libertadearen egiazko esanahiaren pertsonifikazioa. «Ulertarazi zigun Palestinan bizi dugun okupazioa ez dela bakarrik Israelen eskutik gertatzen, pasibotasunak, beldurrek eta autozentsurek ere konkistatu dutela gure adimena», adierazi du Staitik.
Bi partaideen ustez, Julianok ez zuen hezkuntzan eta kulturan oinarrituriko erresistentzia baketsuan soilik sinisten, eta Palestina askearen inguruan zuen ideia askoz sakonagoa zen.
Hori dela eta, mendekotasun orotatik solte ikusi nahi zituen bere ikasleak, baita beraganako dependentzia sentimentaletik ere. Mer-Khamisek hasieratik arnegatu zuen rol paternalistaz, eta hazia ereiten hasi zen antzerkiak bera gabe ere aurrera egin zezan. «Egunero errepikatzen zigun iraultzak ez direla baba (aita) edo lider berri baten aldarrikapenean oinarritu behar, ez dugula gidari baten beharrik», gogorarazi du Swtatek.
Ideia horri eutsiz, Julianok egindako lanarekin jarraituko dutela berretsi dute Askatasunaren Antzerkiko partaideek. Hori dela eta, Mer-Khamisek Janinen martxan jarri berria zuen aktoreen konpainiari egiazko bultzada eman nahi diote, ikasle berriak erakarriz eta diru laguntzak eskatuz. Antzerkia bera ere Julianoren omenezko santutegi gisa geratuko ez dela zin egin dute, eta arte adierazpenaren bidez hiria astintzeari ekingo diotela.
Mer-Khamisen hutsunea nabaria da Askatasunaren Antzerkian, baina traba guztien gainetik, aurrera egiteko ilusioa sumatzen zaie. Swtatek hala ikusten du: «Edozein momentutan gu ere erail gaitzakete, mehatxu eskutitzak jaso baititugu azkenaldian. Egitasmo berri bakoitza eraikitzerakoan zer edo zer galdu behar da. Juliano akabatu dute, eta seguru gaude kide gehiago galduko ditugula. Ez gara hasiko iheska. Proiektuak aurrera egingo du, askatasuna baita palestinar guztion irtenbide bakarra».
Mer-Khamisen oinordekotza artistikoa
Ardura eta isiltasuna dira nagusi egunotan Janinen (Zisjordania, Palestina). Apirilaren 4an Juliano Mer-Khamis antzerki zuzendaria erail zutenetik tentsioa nabaria da. Hark zuzentzen zuen Askatasunaren Antzerkiak, ordea, zabalik jarraitzen du, eta bertako kideak hasiak dira proiektu berriak kudeatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu