Ez dira tamaina itzeleko margolanak, eta ez dute erakusten irudi aristokratikorik, ezta printze-printzesa eta errege-erreginarik ere. Izan ere, ez ziren jauregietako aretoetan jartzeko sortuak izan. Bihar Guggenheimen irekiko duten Urrezko Aroa Städel Museumen erakusketan bilduriko margolanak XVII. mendeko Herbehereetako merkatarien etxeetako paretetan erakutsiak izateko sortu zituzten hainbat margolarik, besteak beste, Jan Vermeerrek, Rembrandtek, Frans Halsek, Peter Paul Rubensek eta Jan van Goyenek.
Habsburgeko Etxearen aurka altxatu ziren herbeheretarrak 1568an, eta hamarkada batzuen buruan, merkataritza potentzia garrantzitsu bihurtu zen herrialdea. Testuinguru horretan, nazio nortasun sentimendua piztu zen elite burgesean. Ekonomiaren loraldiak bizimodu berri bat ekarri zuen, balio berri batzuk. Eta eredu horien berri emateko margolanak enkargatu zizkieten bildumagileek pintoreei.
Johann Friedrich Stadel merkatariak (1728-1816) halaxe egin zuen. Hura hiltzean sortu zuten Stadel museoa, Frankfurten (Alemania). Ordudanik, bildumagile ugarik eman dituzte artelanak dohaintzan. Eta pinakoteka handitzeko lanak hasita daude. Zenbait areto itxita daudela baliatuta, Herbehereetako eta Flandriako Urrezko Aroko artista gailenen obrak ekarri dituzte Bilbora. 130, denera. Pieza bakarra dago aparte: Vermeerren Geografoa maisulana. Ganbera ilunaren teknika erabiliz egin zuela diote adituek. Gainerako lanak generoaren arabera antolatu dituzte.
Natura hilak
XVI. mendean ezarri zen natura hila genero gisa Herbehereetan eta Italian, baina erakusketako komisario Jochen Sanderrek dio XVII. mendeko kritikarientzat bigarren mailako generoa zela, «giza irudirik ez zuenez». Alabaina, Urrezko Aroko pintoreek maisutasun handiz landu zituzten natura hilak, elementu berritzaileak ere sartuz, eta bildumagileak liluratuz. Willem Kalfen Luxuzko natura hila (1670) lanak argi islatzen du garai oparoa bizi zutela. Laranjen ondoan, Txinako zeramika garesti bat eta Veneziako kristalezko kopa bi daude.
Baina natura hilak ez ziren garai hartako bizimoduaren erakusle hutsak. Aitzitik, esanahi sinboliko eta alegoriko nabarmeneko lanak ere egin zituzten. Horren adibide dira Jan Brueghel Zaharraren margolanak eta Peter Willebeecken vanitas-ak.
Historia
Bibliako eta Antzinate Klasikoko pasarteak irudikatu zituzten, batik bat, Urrezko Aroko artistek. Erakusketako atal horretan, garrantzi berezia du Rembrandten David harpa jotzen Saulen aurrean obrak. Emozioak trebezia ikaragarriz islatzeko gaitasun berezia erakutsi zuen Rembrandtek. Rubensen David erregea harpa jotzen obraren konposizio aberatsak ere atentzioa ematen du.
Paisaia
Herbehereetako itsas bazterrekburgesak liluratu zituzten. Itsaso harrotuan nabigatzen duten ontzien margolanekin apaindu gura zuten etxea, eta tankera horretako lan ugari enkargatu zizkioten, besteak beste, Simon Vliegerri-Fragata tiroka eta bailandra itsaso barean ikus daiteke-. Lan bereziki baliotsuek toki gailena zuten burgesen etxean. Kabinetea deituriko toki horretarako tamaina txikiko pinturak enkargatzen zituzten, eta haiei buruz mintzatzen ziren lagunartean. Guggenheimen, kabinete bat atondu dute, lan askorekin.
Erretratua
Enkarguz eginiko erretratuek pertsonaiaren gizarte maila agertzen zuten, eta arbasoen galeriak osatzeko eginkizuna zuten. Hiri bakoitzean erretratugile talde bat zegoen. Hala, Frans Hals Haarlemen nabarmendu zen; eta Rembrandt, Amsterdamen gailendu zen. Biek eginiko erretratuak daude erakusketan.
Ohitura eszenak
Erretzaile eta edari zaleen irudiak zituzten gogokoen burgesek, eta halakoak pintatu zituzten Adriaen Brouwerrek, Adriaen van Ostadek, Jan Miense Molenaerrek... Urtarrilaren 23a arte izango da erakusketa, Guggenheimen.
Merkatarien estiloa
Herbehereetako eta Flandriako Urrezko Aroko artista gailenen erakusketa ireki du Guggenheimek, Stadel museoko lanekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu