Olivier Messiaen frantziar musikagilearen heriotzaren 20. urteurrena oroitu dute joan den asteburuan Parisko La Trinite elizan, eliza horretako Cavaille Coll organo famatuaren organo jotzaile titularra izan baitzen Messiaen 62 urtetan. Askotariko ekintzak izan dira elizako kriptan, organista ezagunen emanaldiak batez ere, hala nola Loic Mallie gaur egungo La Triniteko organo jotzaile titularrarena eta Olivier Latry Notre Dameko organista titularrarena. Horretaz gain, bi artistaren lanen erakusketa ere hartu du kriptak: Toshiko Nishimoto japoniar marrazkilariarenak eta Anton Mendizabal oiartzuar eskultorearenak. Mendizabalek amaitutzat eman berri du Soinuak soin eskultura saila, Messiaeni eskainia, eta sail horretako sei eskultura erakutsi ditu egunotan Parisen.
Urteurreneko kontzertuen «kalitatea eta maila» nabarmendu du Anton Mendizabalek, Paristik iritsi berritan. «Batez ere, ikasle gazteen mailak harritu nau. Giroa orokorrean aparta izan da. Une oroz zegoen musika La Triniteko elizan; organoaren fintzaileak, organisten entseguak, koroenak, ganbera jotzaileenak, kontzertuak… Edozein ordutan elizara sartu eta musika zegoen. Giro hau kalera zabaltzen zen, La Triniteko ate handiak irekita zeudela musika plaza osoan entzuten baitzen. Aipatzekoa egin zait entzuleen kopuru handia ere. Ekitaldi gehienetan jende asko izan da».
Urteurreneko ospakizunekin batera, Association Grand Orgue Trinite Messiaen elkartearen sorrera izan da albiste asteburuan. «Nahiz eta Oliver Messiaenen irudiak garrantzi handia duen musika alorrean, oraindik ere ez dago inon haren erreferentziak bilduko dituen gune berezirik, ez Frantzian ez mundu osoan ere», azaldu du Mendizabalek. Elkartearen asmoa hutsune horri aurre egitea da; eternitateaz horrenbesteko kezka agertu zuen musikaria eta haren lana etorkizunari begira jartzea, azken batean. Pierre Boulez, Gilbert Amy, Roger Muraro eta Jon Gillock daude elkarteko arduradunen artean.
'Messiaen espazioa' sortzear
Elkartearen zereginen artean, La Triniteko organoaren mantentze eta hobekuntzaren ardura eta finantzaketaz gain, Messiaenen lanaren zabalkundearen inguruko ardura eta La Trinitekoorganoaren eta Messiaenen inguruko ekintza pedagogiko kultural eta artistikoen bultzada daude. Irailetik aurrera, La Triniten ostegunero izaten diren kontzertuaz gainera, hilero organo kontzertu bat antolatuko dute hileko azken igandeetako eguerdietan, Messiaenen musika nagusi delarik.
Messiaen espazioa deituko dena sortzeko asmoa ere badu elkarteak, bisitarientzako ikusgarri eta kontsultagarri, La Triniteko goi galerian, organoaren atzealdea. Han Messiaenek erabiltzen zuen lan gelatxoa dago oraindik. Messiaenen lanetan oinarritutako artelanak ere izango dira gune horretan. Horien artean Anton Mendizabalen In Memoriam izango dela erabaki dute dagoeneko, eta aurrerago Soinuak soin bildumako beste zenbait obra jasotzeko asmoa dute, horien artean saileko azkena, Akorde, soinuz eta argiz hornitutako eskultura.
Messiaen eta eternitatea
Frantziar musikagilea omendu eta haren memoria zabaltzeko, elkarte bat sortu dute Parisen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu