"Euskal sorkuntza berriari garrantzia" eman nahi dio aurten Bilboko BAD jaialdiak. Horregatik, lau estreinaldi eskainiko dituzte: Metrokoadroka &J.B. Pedradasen Salto, Horman Posterren Magia Sinpatikoa dantza-performancea, Khea Ziaterren Not (never on time) eta Naiara Mendioroz & Javier Murugarrenen Bi-hots. Nazioarteko proposamenen artean, Lagartijas Tiradas Al Sol konpainia mexikarra, Marco Canale egile argentinarraren El futuro empezó ayer lanaren estreinaldia edota urte luzez Europan lanean aritu ondoren euren lanak estreinakoz Euskal Herrian aurkeztuko dituzten Olga Mesa eta Olga de Soto dantzari eta koreografo espainiarren lanak dira azpimarratzekoak.
Orotara 20 konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira urriaren 22tik azaroaren 2ra bitartean, ohikoak diren agertokietan: BilbaoArte, La Merced, Rekalde aretoa, La Fundicion, Muelle 3, Guggenheim Museoko auditorioa, Bilborock, Deustuko kiroldegia, Arriaga antzokia. Berrikuntza gisa Arriaga plazan Cielo Raso dantza konpainiaren aire libreko emanaldia ikusi ahal izango da (urriaren 22an, 19:00etan).
Cuarteto del Alba lanarekin ekingo diote jaialdiari. BADek berak eta LAurentzi Procucionesek ekoitzi dute lana, Carlos Gilen testuarekin eta Lander Iglesiasek zuzendua. Arriaga antzokian emango dute lehen egunean (20:00etan).
Ikuskizun guztiek 10 euroko prezioa izango dute txarteldegian erostean, eta 8 euro aurretiko salmentan edo internetez erosten badira. Aurreko edizioetan bezala, Bonobad erosteko aukera egongo da, 20 eurokoa (3 ikuskizun) eta 50 eurokoa (10 ikuskizun). Informazio gehiago www.badbilbao.com webgunean jaso daiteke.